«Testu(inguru) orokorretik harago: itzulpenaz eta espezializazioaz» Uda Ikastaroak (EHU) 2017
EIZIEk «Testu(inguru) orokorretik harago: itzulpenaz eta espezializazioaz» ikastaroa antolatu zuen EHUren Uda Ikastaroen programaren barruan, 2017ko ekainaren 29an eta 30ean, Donostiako Miramar Jauregian.
Honako helburu honi erantzun nahian antolatu zen ikastaroa: euskaraz lan egiten duten hizkuntza-arloko profesionalen zenbait espezializazio-eremu hainbat ikuspegitatik aztertu (aukerak, beharrak, oztopoak eta erronkak; nondik gatozen, non gauden eta nora goazen). Bi egunetan zehar euskarazko itzulpengintzak dituen espezializazio-bideak izan ziren hizpide Miramar Jauregian, bai eta egungo merkatuak profesionalei eskatzen dizkien lan-baldintzen zer-nolakoa ere. Testu(inguru) orokorra alde batera utzi, eta euskaraz lan egiten duten hizkuntza-arloko profesionalen zenbait espezializazio-eremu jorratu ziren: kazetaritza, publizitatea, bideo-jokoak, zientzia, interpretazioa, bikoizketa, terminologia berezitua eta esparru espezializatuen hizkuntz kudeaketa.
Ikastaroaren helburuarekin bat etorririk, hizkuntzen sektorean lan egiten dutenen ikuspegi zabala eskaini zen, eta, bereziki, profesionalen prestakuntzaren eta lan-merkatuaren eskakizunen artean dagoen aldea azpimarratu zen, etorkizunera begira bete beharreko hutsuneak identifikatzearren.
Hizlariek itzulpengintzak azken urteotan bizi izan duen aldaketaren berri eman zuten. Gaur egun bizi dugun eszenatoki globalizatuari esker, bai eta azken urteotan gertatu den iraultza teknologikoari esker ere, itzulpen mota eta modalitate berriak agertu dira itzulpenaren unibertsoan. Gauzak horrela, itzultzeko mota eta modalitate berri horiek profesionalen lan egiteko era eta lan-baldintzak aldatu dituzte. Testuinguru berri honetan, Unibertsitateak eta trebakuntza eskaintzen duten bestelako erakundeek beren helburuak aldatu eta egokitu behar dituzte aro digitalak itzulpenaren unibertsoari ireki dizkion aukerez baliatzeko.
Gaioi heltzeko, jatorri oso diferenteetako profesionalak aritu ziren. Lehen egunean hasteko, Julen Zaballak bideo-jokoen alorra jorratu zuen, eta argi utzi zuen bideo-jokoetako euskararen erabilerak hazkunderako tarte zabala duela oraindik ere, gure industria oso gaztea baita. Ostean, Iñigo Roquek hartu zuen hitza. Hark UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak kudeatutako argitalpenez jardun zuen, eta, bereziki, eskuliburuak euskaratzeko jarraitzen den lan-prozeduraz. Hirugarrenik, Antton Gurrutxagak terminologiak itzulpen espezializatuan duen garrantzia azpimarratu zuen, eta, itzultzaileak egiten duen lan terminologikoa ulertzeko, terminologia sistematikoaren eta puntualaren arteko bereizketa egin zuen. Orobat gogoeta egin zuen itzultzaileek arazo teminologikoei aurre egiteko erabiltzen dituzten irizpide hauei buruz: sinonimia eta polisemiarekiko jarrerei buruz, eta estandarizazioaren eta komunikazioaren arteko erlazioari buruz. Bazkalostean, Joxerra Garziak gaztelaniatik euskarara itzuli beharreko publizitatearen testuinguruari erreparatu zion, eta diagnostiko nahiko ezkorra utzi zuen: publizitate elebiduna egiteko erabiltzen diren prozedurek ia ezinezkoa bihurtzen baitute euskarazko itzulpen egokiak egitea. Egunarekin bukatzeko, eguneroko euskal prentsan zer itzultzen den eta horretarako zer irizpide erabiltzen diren aztertzea izan zuen mintzagai nagusia Irene Arraratsek. Azaldu zuenez, aldeak alde, itzulpen nagusiki pragmatikoak izaten dira gehien-gehienak, eta horren arabera jokatu behar izaten du itzultzaileak.
Bigarren eguneko saioari hasiera emateko, Josu Aztiria hizkuntzen industrien sektorearen eta itzulpen merkatuaren gaur egungo egoeraz mintzatu zen. Oro har, merkatua osoa atomizatua dagoela adierazi zuen. Horrez gain, etorkizunera begira, azaldu zuen merkatua % 5 haztea espero dela eta horrekin batera itzulpen espezializatuaren eskaera modu esponentzialean handitzea. Gero, Joseba Etxebarriak bikoizketaren egungo egoera azaldu zuen, bai eta bikoizketarako itzulpen-egokipena nola egiten den ere. Lurdes Auzmendik interpretazioaren mundura eraman zuen testuingurua, eta non eta nola egiten den azaldu zuen, interpretazioaren irakaskuntza ahaztu gabe. Azkenik, ikastaroari bukaera emateko, mahai-inguru bat egin zen, non Ane Lopezek, EIZIEtik eta itzultzaile autonomo gisa, Lurdes Auzmendik, Unibertsitateko ordezkari gisa, eta Josu Aiztiriak, hizkuntza-enpresen egoeraren jakitun, beren ikuspegiak eskaini baitzizkiguten itzulpen espezializatuaren merkatuaren eta prestakuntzaren arteko arrakalaz.
Ikastaroak, beraz, hainbat alorretako profesionalek lanbidean dituzten behar eta eskakizunak ezagutzeko aukera paregabea eskaini die bertaratu ziren guztiei.
Ane López Díez, EIZIE
Ponentziak eta hizlariak
"Bikoizketa eta azpidazketa, jatorrizkotik euskararako bidea". Joseba Etxeberria. MIXER ikus-entzunezko zerbitzuetako euskara arduraduna.
"Zer jakin behar luke itzultzaileak terminologiaz?". Antton Gurrutxaga. Elhuyarreko Hiztegia eta Corpusak ataleko teknikaria eta I + Gko ikertzailea.
"Publizitatea: joan gabe ezin itzuli". Joxerra Garzia. Ahozko eta idatzizko komunikazioan aditua.
"Itzulpena eta kazetaritza: norenik gabeko lurretan itzultzen". Irene Arrarats. Berriako euskara arduraduna.
"EHUko Euskara Zerbitzuak kudeaturiko eskuliburuen itzulpenaz". Iñigo Roque. EHUko Euskara Zerbitzuko zuzentzailea.
"Erronkak interpreteen prestakuntzan: hizkuntza konbinazioak eta gaiak". Lurdes Auzmendi. EHUko Ingeles eta Aleman Saileko eta Itzulpengintza eta Interpretazio Saileko irakaslea.
"Euskara bideojokoetan: etorkizun baten bila". Julen Zaballa. Kazetaria, community manager eta digital marketer.
"Hizkuntza-zerbitzuen kudeaketa aurreratua: praktikak eta erronkak". Josu Aztiria. Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduraduna.
"Zer eskaintzen du itzultzaileak eta zer eskatzen du bezeroak? Prestakuntzaren eta merkatuaren arteko arrakala espezializazioaren esparruan", mahai-ingurua. Josu Barambones (Moderatzailea), Lurdes Auzmendi, Josu Aztiria eta Ane López.