Shakespeare bertsolari. Itzultzailearen sukaldea II
2014ko urriaren 30ean, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean bildu ginen bigarren sukalde-saiorako. Shakespeare bertsolaritzara hurbiltzea zen ideia, edo bertsolaritza Shakespearerengana. Beste era batera esanda, Juan Garzia Uda-gau bateko ametsa obraren itzultzailearen lana eta bi bertsolarik obra horretako zenbait pasarteren gainean egin zezaketena elkarrekin jartzea, ea hortik zer ateratzen zen ikusteko.
Bat izatekotan, obra hau zen aproposa horrelako esperimentu baterako, bera izaki proportzioz hitz neurtu gehien dituena Shakespearen antzerki-lanen artean.
Jolaserako proposamena
Saioaren aurretik, Lugaritzera bertaratzeko asmoa zutenek eskura izan zuten sukalde-jolaserako proposamena: Aurrekoan bezala, sukalde horretarako tresneria, eta bertan landuko ziren pasarte batzuk (“Jatorrizkoan, hamar silabako bertso-lerroa da nagusi. Hala datoz lagintxoetakoak; batzuetan, errimadunak.”). Jatorrizkoekin batera, Bingen Ametzagaren euskarazko bertsioak prosan.
Kronika
Iñaki Iñurrietak 31 eskutik blogean azaldu zuen saioaren berri: “Jon Martin eta Miren Ibarluzea izan ziren lantegi horretan parte hartzen ausartu ziren bertsolariak. Eta aurreko saioan bezala, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak egin zituen gidari lanak. Bertso-jartzaile lanetan aritu zela esan behar nuen, baina bertso-jartzailea, kasu honetan, Shakespeare bera zela esan liteke; berak ematen zien aukera bertsolariei ofizioka bezala jarduteko: zu halako (pertsonaia bat) zara, eta halako egoeran zaude; ea zer asmatzen duzun, nahi duzun neurri eta doinuan. Egoera ez ezik, hitzak ere ematen zizkien, ingelesez. Bertsolariek itzultzaile jardun behar zuten, hortaz, bertso-jartzaileak ingelesez esanak euskaraz jartzen (Bingen Ametzagaren euskarazko bertsio prosazkoaren laguntzaz).”
(…)
“Saioak ordu eta erdi iraun zuen, eta, zailtasunak zailtasun, laburra egin zitzaigun hara bildutakoei. Erritmo arina izan zuen, osagaiak bata bestearen atzetik egoki kateatzeari esker: batetik, Juan Garziaren azalpenak, deklamatu edo kantaturiko zati bakoitzaren testuingurua azaltzeko, zenbait zertzelada tekniko emanez; bestetik, itzultzailearen eta bertsolarien bertsioen arteko kontrastea. Batzuen eta besteen artean zubi-lanak eginez, Idoia Noblek ondo asmatu zuen galderak une jakin batzuetan egiten jardunari bizitasuna emateko. Horrez gainera, bat-bateko lanean ere jarri zituzten tarteka bertsolariak, eta gehigarri polita gertatu zen hori.”