Itzultzailearen sukaldea I

Shakespeareweb.jpg
Irudia: Maitane Gartziandia

Lehen ekitaldi hau Itzultzailearen Nazioarteko Egunean izan zen, irailaren 30ean, Gasteizko Letren Fakultateko Gradu Aretoan.

Saioaren aurrekoak (jolaserako materiala)

Jarduerak A Midsummer Night's Dream obraren euskaratze-prozesua bistaratzeko helburua zekarren, eta, girotzeko, Juan Garziak saiorako materiala prestatu zuen, parte hartu nahi izanez gero aldez aurretik lantzeko. Honela aurkeztu zuen sukalde-jolaserako proposamena:

  • “Hona hemen lagintxo batzuk, obrako plano bakoitzetik, ea nola itxuratzen dituzun zeure irudimenean, eta, animatzen bazara, nola egosiko zenituzkeen euskaraz.”
  • “Link hauetan, sukalde horretarako tresneria pixka bat hobeki kokatzeko eta ulertzeko pasarteok antzezlanaren harian: jatorrizko testua; azalpenak, argumentuaren laburpena, ingeles modernozko bertsio erraztua; testu irakurria; antzezpen bat; eszena bat, film batetik.”

Hemen, Juan Garziaren itzulpena.

Saioa bera

Honako hauek jardun zuten sukaldari-lanetan Juan Garziarekin, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidaturik: Larraitz Ariznabarreta, shakespearezale gisa, eta Maialen Berasategi itzultzailea.

Kronika

Iñaki Iñurrietak 31 eskutik blogean dioenez, “bi ildotan bil litezke han esandakoak (gehiegi sinplifikatzeko arriskua neure gain hartuta): bat, A Midsummer Night’s Dream itzultzeari ekin aurretik kontuan hartu beharreko zenbait ohar; bestea, Juan Garziak bere itzultzaile-eskarmentutik itzultzailegaiei emandako aholkuak.

Itzultzeari ekin aurretik kontuan hartu beharrekoen artean, jatorrizko testuaren generoari buruzkoak ondo zehaztea da lehenetako bat. Uda gau bateko ametsa komedia bat da, komedia endredozkoa, artzain-giroko osagaiak dituena, karnabaleskoa: horiek guztiek tonu jakin bat ematen diote obrari, eta itzultzaileak tonu horri antzeman behar dio, gero asmatuko badu. Hanka-sartze handiak egin litezke, esaterako, itzultzaileak ez badu atzematen obrari darion ironia.

Bestalde, plano eta maila desberdinetan ari dira pertsonaiak: gazte maitaleen laukote protagonista; Atenasko errege-erreginak eta nobleak; basoko elfoak, maitagarriak eta abar; eta arlote-koadrilla. Pertsonaiok beren izaera edo mailari dagokion eran mintzatzen dira: serio edo txantxetan, estilo jasoan edo xehean, bertsotan edo prosan…. (…)

Alegia, pertsonaia bakoitza dagokion erregistroan mintzarazi behar du itzultzaileak.