Mahai-ingurua EHUko Letren Fakultatean - 2016
Itzultzaile Berriak egitasmaoren baitan, beste solasaldi bat antolatu zuen EIZIEk, 2016ko maiatzaren 10ean, EHUko Letren Fakultatean (Gasteizen).
Oraingo honetan, Laura Liubinavičiῡte (Lituania), Mariya Pachkova (Bulgaria), Barbara Pregelj (Eslovenia) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia) itzultzaileek beren ibilbidearen berri eman ziguten. Izan ere, eskarmentu handia dute itzultzaileok literatur itzulpengintzan, eta guretzat hain ezagunak ez diren errealitateak hurbilagotik ezagutzeko parada izan genuen. Orobat, beren herrialdeetako literatur itzulpenaz jardun zuten, eta Euskal Herrira ekarri dituen itzulpen-egitasmoaren berri ere azaldu zuten, Elizabete Manterolak gidaturiko saioan.
Miren Ibarluzeak kontatu digu han entzundakoen berri:
«Ez gara itsas nabigatzaileak, baina munduan barna ibili nahi dugu»; horixe esan die itzultzaileez Mariya Pachkova irakasle eta itzultzaile bulgariarrak bertaratutako ikasle, irakasle eta itzulpen zaleei; «kontua dela gero eta jende gehiago gogoberotzea, eta bidaideak topatzea, bai alde batera, bai bestera». Bulgariako literatura itzulpenen eskutik sortu zela gogorarazi du, eta lehen bezala orain ere itzulpena etorkizunez beteriko tresna dela, baikortasuna dakarkiola horrek itzultzaileari.
Barbara Pregelj esloveniarrak Euskal Herriko eta Esloveniako literatur itzultzaileen egoera eta profilak erkatu ditu, eta txakurrak (eta itzultzaileak) mundu osoan ortozik dabiltzala gogorarazi die ikasleei: gehienak autonomoak direla, ez dagoela langintza sentimendu bateraturik, sektorea fragmentaturik dagoela, negoziazio etengabean aritu behar dutela itzultzaileek, era guztietako testuak itzuli behar izaten dituztela bizibidea egiteko eta, hargatik, literatur itzultzaileak itzultzaile aritzeaz gainera, irakasle, interprete, ikertzaile, editore aritzen direla. Bada, halakoxea da lau itzultzaileon kasua, eta askotan eurek euretara ikasi behar izan dute ogibidea. Halatan ere, eta egoera den modukoa izanik, Barbara Pregeljek ikasleei gonbita egin die euren proiektuak sor eta gara ditzaten; bera ere halaxe hasi zela: «ez duela inork itzulpen hau argitaratu gura? Bada, neuk eta senarrak sortuko dugu argitaletxea». Hala argitaratu ditu, besteak beste, Mariasun Landaren eta Juan Kruz Igerabideren testuak eslovenieraz (gaztelaniatik abiatuta), eta irakurketa sustatzeko animazio-saioak ere gidatu ditu eskoletan; Juan Kruz Igerabide ikasle esloveniarrekin ibili zenekoak kontatu ditu, esaterako. Halaber, bitxikeria legez kontatu du, arraroa dirudien arren haur- eta gazte-literaturan testu gehiago daudela euskaratik eslovenierara itzulita gaztelaniatik baino.
Laura Liubinavičiῡte lituaniar itzultzaileak, berriz, itzultzaile izatea abentura bat dela eta testu bakoitzak mundu bat zabaltzen duela esan die ikasleei; gainera, hiru gako eman dizkie etorkizuneko itzultzaileei: pasioa, denbora eta zuzentzailea.
Pasioz itzuli nahi duelako aritzen omen da, hain zuzen ere, logistika-koordinatzaile gisa eguneroko langintzan: gura dituen autoreak hautatu eta patxada hartuta itzuli ahal izateko.
Itzultzailearengan eragiten duen beste faktore-gako bat aipatu du Katarzyna Sosnowska poloniarrak: zoria. Doktoretza-tesi baterako testu-txatalak eta artikuluak itzultzen hasi zen bera, eta, halako batean, zori-kolpe batez, proposamena egin zioten literatur itzulpen bat egiteko; behin merkatuan sartuta, errazagoa da jarraitzea.
Itzultzaileak, askotan, literatur agentearen rola jokatzen duela ere izan dute mintzagai; ohikoa izan ohi da hori, gainera: hasieran beharbada ez, baina behin esperientzia hartuta bai, norberak proposatzen dizkio itzuli gura dituen lanak editoreari, eta gusturago egiten da lan horrela, gainera.
Itzultzaileek testua hobetu behar ote duten, etengabeko galdera da hori itzultzaileen langintzan. Entzuleetako baten galderaren harira sortu da gaiari buruzko eztabaida. Lau itzultzaileek bat egin dute: ahal bada, zuzendu egin behar dira jatorrizko testuko akatsak eta zabarkeriak; azken finean, xede-testuan hutsen bat badago, itzultzaileari botako diote errua
«Itzultzaile berriak» programara aurkeztutako itzulpen-proiektuen berri eman dutenez gero, hautatutako autoreen zergatiaz ere atera da galdera. Ekimenaren berri izan zuenean, Varsoviako Cervantes Institutuaren bibliotekara abiatu zen Sosnowska, eta euskal literaturari eskainitako literatur lan gutxi batzuen artean topatu zuen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao. Gustatu egin zitzaion, eta testu hori berori itzultzeko proiektua aurkeztu zuen. Gaztelaniatik abiatuta, Landa, Igerabide eta Zubizarretaren testu zenbait emana zen dagoeneko Pregelj, eta elejia zabaltzeko hautatu zuen Atxagaren Xola. Mariya Pachkovak bulgarieraz jarriak ditu Atxagaren Obabakoak eta Soinujolearen semea, eta iaz aurkeztu zuten Obabakoak, Sofian. Han ezagutu zuen idazlea, eta euskal idazleez mintzatu ziren: halaxe izan zuen Arantza Urretabizkaiaren berri. Euskal literatura itzultzen hastekotan, literatura garaikidearen lehenbiziko belaunalditik hastea otu zitzaion, eta hargatik hautatu ditu Atxaga eta Urretabizkaia bere itzulpen-proiekturako. Laura Liubinavičiῡtek irratsaio batean izan zuen Atxagaren berri. Itzultzaile Berriak egitasmoaren deialdian proiektua aurkeztu eta onartu ondoren jakin zuen ari zirela dagoeneko Obabakoak lituanierara itzultzen (gaztelaniatik); bidean, beraz, proiektua egokitu, eta Atxagaren beste lan batzuk zein beste autore batzuk itzultzeko asmoa agertu du.
Irakurlearengana iritsi beharraz ere aritu dira: izan ere, lau itzultzaileen hizkuntzetara isuritako hainbat eta hainbat testu ez daude irakurleentzat eskuragarri: horixe gogorarazi du Katarzyna Sosnowska itzultzaile poloniarrak: ezinezko abentura izan zen polonierara itzulitako euskal ipuin-bilduma bat eskuratzea. Promozio beharra azpimarratu dute, eta, esate baterako, Barbara Pregeljek euskal idazleekin eskoletan egindako saioak bide egokia izan daitezkeela ere aipatu dute.
Ondo dakite lau itzultzaileek sei hilabete ez direla aski hizkuntza bat bereganatzeko (ez euskara, ez beste edozein hizkuntza). Etorkizunean ikasten jarraitzeko asmoa dute, eta nabarmendu dute etorri izan ez balira ezin izango zutela hainbat testuren eta idazleren berri izan. Etorkizunean joan-etorriko proiektuak sortzeko asmoa agertu dute, itzulpena benetako zubi izan dadin euren kulturen eta gurearen artean, eta eurak gurea itzultzen duten moduan, geuk ere eurena ekar dezagun.
Ikasleek pozik entzun dituzte itzultzaileen esanak, eta interes horren erakusgarri da mahai-ingurua bukatutakoan itzultzaileengana gerturatuta izandako trukea.