Solasaldia Zurriola Ikastolan - 2016

Itzultzaile Berriak programaren baitan, solasaldi bat antolatu zuen EIZIEk Donostian, Zornotzako Barnetegian euskara ikasten ari diren lau itzultzaileekin.

Otsailaren 14an, «itzultzaile berriek» Zurriola ikastolako ikasleei egin zieten bisita, programaren helburuetako bati jarraituz: itzulpengintza eskoletara ere eramatea, itzultzaile gonbidatuen kulturak eta hizkuntzak ezagutarazi eta lanbidearen garrantzia gazteenei ere azaltzeko.

Xede horrekin, Batxilergoko lehen mailako ikasleekin bildu ziren itzultzaileak. Ikasleek aurretik ere landua zuten itzulpenaren garrantzia literaturaren hedapenean, Literatura Unibertsala ikasgaian, eta EIZIEren proposamena baliatu nahi izan zuten Lituaniako, Poloniako, Bulgariako eta Esloveniako letrak gertuagotik ezagutzeko.

«Ojos que no ven, corazón que sí siente. Literaturas eslavas y bálticas en el marco de la literatura mundial» izena jarri zioten aurkezpenari, nork bere herrialdeari eta literaturari buruz hitz egiteko. 

sarrera.jpg

Barbara Pregeljek eman zion hasiera saioari, literatura nagusi eta periferikoei buruzko sarrera bat eginez. Euskal eta esloveniar literaturen arteko konparazio interesgarri bat egin zuen: izan ere, bi hizkuntzetan izan da itzulpena oso garrantzitsua literatura garatzeko, bai sorburu-hizkuntza gisa eta bai xede-hizkuntza gisa egindako lanak. Gainera, eslovenierak jasandako jazarpena izan zuen hizpide, batez ere 1920ko hamarkadan hizkuntza debekatua baitzuten, eta hiztunak derrigortuak zeuden italieraz hitz egitera, ez bazuten zigorrik pairatu nahi. Amaitzeko, hiru liburu erakutsi zizkien ikasleei: batetik, Lila Prap idazlearen 1001 ipuin, eslovenieratik euskarara ekarritako haur literaturako testua, eta, bestetik, Vladimir Bartol idazlearen Alamut eta Boris Pahor idazlearen Necrópolis (Barbarak berak gaztelaniara itzulia).

Bulgariara egin zuten gero salto, Mariya Pachkovarekin. Berak ere azpimarratu zuen bulgarierazko literatura idatzia itzulpenari esker sortu zela, alfabeto zirilikoa ezartzearekin batera. Izan ere, berebiziko garrantzia izan zuen alfabeto horren sorrerak testu erlijiosoak eta jakintza herri xeheari helarazteko; alegia, testuak ulergarri egiteko. XIX. mendera eraman gintuen gero, eta Turkiaren agintetik independentzia lortzeko garaian testu literarioek nortasun kulturala eraikitzeko izan zuten indarra azpimarratu zigun; horren harira, Hristo Botev poetaren poema esanguratsu bat irakurri zigun –Elegía–, bulgarieraz eta gaztelaniaz.

Ondoren, Katarzyna Sosnowskaren txanda izan zen. Saioa antolatzerako, Poloniako obra bat irakurria zuten ikasleek, Jarosław Iwaszkiewicz-en Wilkoko Andereñoak (Adam Zawiszewskik euskaratua), Literatura Unibertsala bilduman argitaratua; eta, lanari buruzko inpresioak kontatu zizkioten elkarri itzultzaileak eta ikasleek. Laster aldatu zuen, ordea, gaia Sosnowskak, kultura modernoago eta gazteago bat aurkeztu nahi baitzien entzuleei. Marcin Świetlicki poeta eta rock abeslari garaikidearen Świerszcze poema euskaratua irakurri zuen, eta, ondoren, olerkiaren bertsio musikatuaz gozatu genuen. Nabarmentzekoa da Sosnowskak egindako ahalegina poema hori euskaratzen, hiru hilabetetan ikasitakoarekin gai izan delako Kilkerrak poema irakurle euskaldunari helarazteko.

Azkenik, Lituaniaren txanda izan zen. Laura Liubinavičiūtek lituanieraren berezitasunak azaldu zizkigun: hizkuntza baltikoa dela, eta ez eslabiarra (gainerako hiru itzultzaileenak bezala), protoindoeuroparraren oso antzekoa omen dela. Estoniera beste hizkuntza talde batekoa da, eta letoniera, berriz, familia berekoa izanagatik, ez da erraza gertatzen elkar ulertzea. Liubinavičiūtek ere euskararen eta lituanieraren arteko konparaketa bat egin zuen, ikasleek bere herrialdearen eta kulturaren errealitatea hobeto ezagut zezaten: herri xehearen hizkuntza zen batik bat lituaniera, eta XIX. mendean izan zuen berpizkundea; gehienbat katekismoak itzuli ziren XIX. mendean hizkuntza estandarizatua finkatu zen arte. Aipatu zituen, halaber, historian zehar jasandako debekuak lituanieraz hitz egin edo idazteagatik… Poema bat hautatu zuen Laurak ere, lituanieraren doinua ezagutarazteko ikasleei (Snaiperis).

Saioaren amaieran, galderak egiteko tartea baliatu zuten ikasleek itzultzaileei galdetzeko, besteak beste, ea zerk bultzatu zituzten programa honetan parte hartzera. Nork bere arrazoiak azaldurik ere, bat etorri ziren denak itzulpengintzaren bidez sortzen den hartu-emana nabarmentzean; munduko kultura desberdinek elkarren berri izateko tresna ezinbestekoa da itzulpengintza, eta joan-etorri horretan, gaztelaniazkoa ezaguturik, euskal kultura eta hizkuntza bertatik bertara ezagutzera etorriak dira, euskal literatura beren herrialdeetan ezagutarazteko xedez.

Saio honi esker, Donostiako Zurriola ikastolako ikasleek aukera izan zuten atzerriko kulturak gertuagotik ezagutzeko, literatura ezezagunetara hurbiltzeko, eta, nola ez, itzulpengintzaren garrantziaz hitz egiteko. Motz geratu ziren saioaren bi orduak, gai guztiak jorratzeko. Argi dago, hortaz, esperientzia garrantzitsua izan zela itzulpenaren, kulturaren eta literaturaren inguruko hausnarketak publiko gazteenari ezagutarazteko.

Kronika: Amaia Donés Mendia.