Literaturia jaialdira bisita - 2016
Euskal Letren Plaza ere erakutsi nahi izan diegu Zornotzan diren itzultzaileei, eta Literaturian izan ginen maiatzaren 21ean, EIZIEko kide batzuk eta atzerriko itzultzaileak: Barbara Pregelj esloveniarra; Laura Liubinavichute lituaniarra; eta Kasia Sosnowska eta Matylda Figlerowicz poloniarrak. Matylda hilabeteko egonaldia egitera datozen lau itzultzaileetako bat da, eta iritsia da dagoeneko Zornotzara (beste hirurak hilaren amaieran etorriko dira).
Euskal idazle, editore eta itzultzaile batzuk ezagutu edo berriro ikusi zituzten, eta hitz aspertu bat egin ere bai, batekin edo besterekin; Susa argitaletxeko Gorka Arreserekin eta Xabier Mendiguren Elizegirekin, esate baterako.
Modelo aretoko ekitaldietan ere izan ziren: bazkaldu aurretik, EIZIEk antolaturiko poesia azpititulatuen bideoen emanaldia ikusteko, eta arratsaldez, berriz, Metrokoadro-ren Mr. Señoraren estreinaldian.
Isaac Xubin poeta eta itzultzaile galiziarra ere lagun izan genuen bazkaritan, eta elkarrizketa interesgarriak sortu ziren haien artean.
Bazkalondorako gonbit berezi bat ere jaso zuten: Signo Digital ekoiztetxea prestatzen ari den dokumental batean parte hartu zuten lau itzultzaileek, egonaldiaz, hizkuntzaz, hizkuntza txikien arteko itzulpengintza zuzenean egiteaz, Kirmen Uriberen obra hautatu izanaz itzultzaileetako bik beren proiektuetarako
Pozik agertu dira atzerriko itzultzaileak, baita EIZIEko kideok ere; hainbatetan esateko moduan «plazer hutsa»!