Irakurraldi eleaniztuna Donostiako Liburu Azokan - 2016

Apirilaren 23an, ospatu genuen guk ere liburuaren eguna, eta, horren harira, Zornotzan euskara ikasten ari diren lau «itzultzaile berriek» irakurraldi eleaniztun batean parte hartu zuten Donostia Kulturaren gunean. Lehenago, goizean, Inazio Mujikak gidatutako ibilaldi literario batean parte hartu zuten: Gerra garaiko Donostian barrena.

LE_paseoa.jpg

Itzultzaile Berriak egitasmoak euskal literatura atzerrian ezagutaraztea duenez helburu (DSS2016EUren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin ari da EIZIE elkarlanean), euskal literaturaren bi lagin bulgarieraz, eslovenieraz, lituanieraz eta polonieraz entzuteko parada izan genuen. Amaia Donés itzultzaile eta irakasleak gidatu zuen saioa, eta Amaia Apalauza eta Itziar Otegi itzultzaileak aritu ziren euskarazko testuak irakurtzen.

Gutxi dira hizkuntza horietara itzulitako euskal obrak; hala ere, lortu genituen pare bat testu hizkuntza horietan, pasarteak hautatu eta irakurtzeko. Hala, aukera izan genuen Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian obrako elkarrizketa bat hiru hizkuntzatan entzuteko: euskaraz, polonieraz eta eslovenieraz (Barbara Pregeljen itzulpenean, programako partaideetako bat). Horren ostean, Obabakoaken «Gauero aterako nintzateke paseatzera – II. Marie-ren azalpena» ataleko beste zatitxo bat entzun genuen euskaraz, lituanieraz eta bulgarieraz (Mariya Pachkovaren itzulpenean, bera ere «itzultzaile berria»).

LE_mahaia.jpg

Jarraian, bertaratutakoek itzulpengintzari buruzko solasaldi bat izan zuten gonbidatuekin; besteak beste, ingelesa ez diren atzerriko hizkuntzetako literaturak ezagutzeko zailtasunei buruz aritu ziren, eta itzulgaien aukeraketa nola dagoen baldintzatuta, zoritxarrez, testu horiek ezagutarazteko dagoen aukera urrien arabera. Pachkovak eta Pregeljek adierazi zutenez, haien kasuan orain arte beharrezkoak izan dira gaztelerazko bertsioak (biek itzuli izan baitituzte aurretik ere euskal egileak). Itzultzaile Berriak programari esker, ordea, uste dute etorkizunean euskal idazleak euskararen bidetik sartuko dituztela nork bere merkatuan. Bestalde, Katarzyna Sosnowska poloniarrak argi du: zaila da euskalduna bezalako literatura txiki bat euskal mundua ezezagun duen poloniar merkatuan sartzea, baina, zorionez, argitaletxe alternatibo ugari ari dira sortzen haren herrialdean, eta horien bidez errazagoa izango da euskal literatura polonieraz ezagutzera ematea.

Azkenik, eta euskaldunontzat ere ezezagunak direlako lau herrialdeotako literaturak, Mariya Pachkovak Boiko Lanbovskiren poema labur bat irakurri zuen, eta Pachkovak berak egindako euskal bertsioa entzuteko aukera ere izan genuen, hiru hilabeteotan egin dituzten aurrerapenen erakusgarri.

(Kronika: Amaia Donés)