Harrera Donostiako Tabakaleran - 2016

Martxoaren 4an, programaren nondik norakoak ezagutzera emateko asmoarekin, harrera-gosari bat antolatu zuten egitasmoaren arduradunek Donostiako Tabakaleran. Mahai baten bueltan jardun zuten itzultzaileek, kazetariek eta DSS2016EUko, Etxepareko eta EIZIEko arduradunek. Besteak beste, itzulpengintza eta euskara ikastearen esperientzia izan zituzten hizpide.

Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendariak itzulpengintzaren garrantzia azpimarratu zuen, "kultura bat munduan legitimatzen" duelako eta kultura bera ere osatzen duelako, gure eredu poetikoak biziberrituz. Donostia 2016ren Kultur Programaren zuzendari Xabier Payak itzulpengintzak Europan duen tokia aldarrikatu zuen: "Elkar itzultzen ez badugu beti egongo da inguruan lingua franca nagusi bat". Hizkuntzen arteko lotura zuzenak ezartzearen garrantzia azpimarratu zuen EIZIEko Bego Montoriok: "Ez da bakarrik hizkuntzen arteko kontu bat. Literatur itzulpena da kultura bat itzultzea, kultura bat eta gauzak ikusteko modu jakin bat itzultzea da, eta horretan asko laguntzen du euskara eta euskararen kultura zuzenean ezagutzeak. Zubi-hizkuntzak nahitaezkoak dira, baina beti bakarra erabiltzen bada zubi beharrean galbahe bilaka daiteke."

Oraindik euskaraz hitz egiteko gai ez diren arren, oso gustura azaldu ziren lau itzultzaileak, denak ere profesionalak, barnetegiko "abenturarekin". Euskara ikasten "ordu kontaezinak" ematen dituztela aitortu zuten, eta, euskara hain desberdina izanik ezagutzen dituzten beste hizkuntzetatik, hastapenak zailak izaten ari direla, "baina ez beste edozein hizkuntza ezezagunarekin baino gogorragoak."

Hemeroteka