«Unibertsitateko zuzenketak» ikastaroa - 2013

Unibertsitateko testuen zuzenketari buruzko ikastaro bat egin du EIZIEk 2013ko irailean, Gasteizko Letren Fakultatean, 3 irakasle eta 28 ikasle zirela partaide. Hasiera batean 15 lagunentzat pentsatua zen ikastaroa, baina, askoz jende gehiagok eman zuenez izena, bi talde egin ziren, denei egoki erantzun nahian.

Ikastaro bakoitzak 3 saio izan ditu, 4 ordukoak. Lehen saioan Iñigo Roquek (EHU) jardun du, bigarrenean Ander Altunak (UEU) eta hirugarrenean Juan Garziak (ZIO).

zuzenketa1.JPG

Iñigo Roquek, saioa hasteko, EHUko Euskara Zerbitzuaren webgunean barrena eraman zituen ikasleak, hango lanak eta baliabideak erakusteko. Gero, langai izan ohi dituen testu moten adibide bana landu zuen: ikasmaterial bat, euskarazko eskuliburu bat, itzulpen bat… Testuok ikasleekin batera jorratzeaz gainera, zeregin horretan baliatutako iturriak aipatu eta iruzkindu zituen, bai eta egile edo itzultzaileekin izaniko iritzi-trukeak azaldu ere.

zuzenketa2.JPG

Ander Altunak, UEUk kaleratutako ikasmaterialak zuzentzeko prozesuaren berri eman eta zenbait arlo aztertu zituen, hala nola testu motak, testuen ezaugarriak, testuak zuzentzeko irizpideak, baliabideak, egilearekiko harremanak, zailtasunak, eta abar.

zuzenketa3.JPG

Juan Garziak, zuzentzaile/hobetzailearentzako mapa moduko bat aurkeztu zuen, kontuan hartu beharreko alderdi askotarikoak bilduz, testuaren ezaugarri orokorretatik hasi eta xehetasuneraino. Gero, ZIO bildumako ale baten hitzaurrea izan zen langai, denen arteko eztabaida zabalean. Oro har txukuna den itzulpen-testu bat nola hobetu zen kontua aukeratutako lagin horretan.