Wordfast Classic eta +Tools aurreratua eta Wordfast Pro - 2011

EIZIE elkarteak Wordfast itzulpen programari buruzko ikastaroa antolatu du 2011ko azaroan (7an, 8an, 9an eta 10ean izan dira eskolak), UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskua jauregian. Gotzon Egia eta Karlos del Olmo izan dira irakasleak.

Wordfast Classic oinarrizko ikastaroaren xedea izan da itzulpen memoriatan oinarritzen den tresna horretan lan egiteko gaitasuna ematea ikasleei. Alde horretatik, ikastaroaren xedea ongi bete da, Eibarko saioetan.

wordfast.JPG

WFC nola instalatu, itzulpen memoria bat nola sortu, itzulpen segmentuak nola landu, itzultzekoak ez diren elementu eramangarriak nola erabili, glosarioak nola sortu eta erabili, tresnaren auto-complete tresna nola konfiguratu eta erabili, itzulpen memorian bilketa kontestualak nola egin eta baliatu... horra ikastaroaren lehen bi egunetan aztertu eta ikasitako gaiak.

Labur esanda, ikasleek WFC tresnaren funtzio nagusiak, hau da, itzulpenak ekoizteko behar diren funtzioen % 80, aski azalduak eta menderatuak gelditu ziren.

Sakontze saioetan +Tools deritzon aplikazioaren erabilera nagusiak landu zituzten ikasleek, batez ere itzulpen zaharretatik memoriak lortzeari dagokion alorra (+Align). Bestalde, Word barruko makroen oinarriak ere landu zituzten (Wordfast eta PlusTools aplikazioek nola diharduten hobeto ulertzeko). Halako tresnen bitartez eguneroko lana antolatzeko baliabideak ere jorratu zituzten, batez ere .ini artxiboen bidez hizkuntz pareak egoki kudeatzeko lanei dagokionez. Horrezaz gain, programaren menuko agindu guzti-guztiak aztertu zituzten, bai eta Pandora´s Box ataleko zenbait aukera berezi indarrean nola jarri ikasi ere. Amaieran, Wordfast Pro, Omega T eta Anaphraseus labur aurkezteko tartetxo bat ere izan zen (ez behar bezain luze, astirik izan ez zelako).