Itzulpenaren teoria garaikideak - 2011 eta 2012

Ikusita zenbat lagunek eman zuten izena "Itzulpenaren teoria garaikideak" ikastaroa egiteko, elkarteak ikastaro bera bi aldiz antolatzea erabaki zuen. Lehena 2011ko abenduaren 17an eta 18an izan zen, eta bigarrena 2012ko urtarrilaren 27an eta 28an, biak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Ikastaro bakoitza zortzi ordukoa izan da, launa orduko bi saiotan banatua, ostiral arratsaldean lau ordu eta beste lau larunbat goizean. Xedea, berriz, itzulpenaren teoriak azken 50 urteetan (azken 25 urteei arreta berezia eskainiz) egin dituen ekarpen nagusiak berrikusi eta itzulpenari buruzko ikuspegia zabal/sakontzea izan da.

teoria.JPG

Ibon Uribarri irakasleak bi multzotan banatu ditu ikastaroak. Ostiral arratsaldean, “itzulpengintza eta hizkuntzaz” jardun zuen. Errepaso historikoa egin zuen Jakobson eta estilistika alderatuko lehen garaietatik hasi eta gaur egungo diskurtsoaren analisira iritsiz (Leipzigeko Eskola, Pariseko Eskola, skopos teoria, etab.). Larunbatean, “itzulpengintza eta kultura” arloari eutsi zion. James Holmes-en Itzulpen ikasketak (Translation studies) abiapuntu hartuta, polisistemen teoria (Even Zohar) eta Itzulpen Ikasketa Deskriptiboak landu ziren lehenik, eta azken urteetako kontzeptu eta arlo ezberdinak ondoren (ideologia, boterea, ikuspegi postkoloniala, ikuspegi feminista, ikuspegi soziologikoa).

Abenduko ikastaroaren harira, Idazkola blogean egin zuen iruzkina Iñigo Roquek: "Asteburuan, EIZIEk itzulpengintza-teoria garaikideez antolatutako ikastaro batean izan gara Donostian. Ibon Uribarri irakasleak gidatu gintuen 1960ko hamarkadatik gaurdainoko ibilera zirraragarri batean." (jarraitu irakurtzen)

Ikus programa hemen