«Postedizio Lantegia» (online) - 2021

EMAN IZENA

Ikastaroa Moodle plataforman egingo dute ikasleek, eta ordubeteko hiru saio izango dituzte irakasleekin, Zoomen.

Lantegiaz*

Euskarazko itzultzaile automatikoen kalitateak nabarmen egin du hobera azken urteotan, eta, tresna berrien etorrerarekin batera, euskal itzultzaile eta zuzentzaileon lana ere aldatzen hasia da. Beste hizkuntza batzuekin lanean aritzen diren profesionalek aspaldi samarretik ezagutzen dute postedizioa zer den; gurean, ordea, gutxi dakigu oraindik jarduera berri horren inguruan.

Lantegi honetan, parte-hartzaileek aukera izango dute itzultzaile automatikoetara hurbiltzen hasteko. Eduki teorikoak hiru atal nagusitan banatuko ditugu:

  1. Itzulpen automatikoaren oinarriak
  2. Itzulpena, postedizioa eta zuzenketa
  3. Postediziorako gidalerro orokorrak

Eduki horiei buruzko gako gutxi batzuk emango ditugu, eta praktikari eskainiko diogu saioen zatirik handiena. Hala, irakasleek gidari-lana egingo dute batez ere, eta parte-hartzaileek euren kabuz egingo dituzte probak: zenbat aldatzen den azken testua itzulpena hutsetik eginda ala itzultzaile automatikoetatik abiatuta; zenbat laguntzen duten halako tresnek buru-nekea gutxitzen eta denbora aurrezten; zer testu motarekin funtzionatzen duten tresnek ondo eta zeinekin ez hain ondo… Ariketa bakoitzaren ostean, eztabaidarako tarteak ere izango dira, ateratako ondorioak beste parte-hartzaileekin komentatzeko.

*Ikus hemen iaz antolatu genuen ikastaroaren berri.

Irakasleak

Uxoa Iñurrieta: Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra ikasi zituen, eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arloan egin zuen doktoretza-tesia, HiTZ zentroko Ixa ikerketa-taldean, UPV/EHUn. Euskara teknikoko irakasle aritu zen hiru urtez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta GOI institutuan dihardu gaur egun, UEUren eta UPV/EHUren arteko lankidetzan sorturiko ikastegian, online irakaskuntza-masterrean irakasle. Ixa taldean ere jarraitzen du ikertzaile, eta itzulpen automatikoa eta fraseologia ditu aztergai nagusi. Unibertsitatetik kanpo, itzultzaile-lanetan ere aritzen da tarteka, eta Haur eta Gazte Literatura itzultzen du batez ere.

Nora Aranberri: Hizkuntza naturalaren prozesamenduari buruzko IXA ikerketa-taldeko ikertzailea da, eta UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea. Itzulpen automatikoan aditua da, eta arlo horretan interes nagusia itzulpen-sistemetan hizkuntza-ezagutza integratzea eta hori ebaluatzea da. Itzultzaile profesionalen eta erabiltzaile ez-profesionalen erabilera du aztergai nagusi. Bere azterketa-hizkuntzen artean euskara nabarmentzen da, nahiz eta ez hori bakarrik, eta, hala, hizkuntza gutxituekin itzulpen automatikoak zer aukera dituen aztertzen du. Itzultzaile profesionalei eta ikastunei zuzenduriko postedizioari buruzko tailer praktikoak zuzendu ditu eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin kolaboratzen du.

Xehetasunak

Noiz: 2021eko irailaren 24tik urriaren 8ra

Ikastaroaren iraupena: 8 ordu

Zoomeko saioak: Irailaren 24an, eta urriaren 1ean eta 8an

Saioen iraupena: 1 ordu

Ordutegia: 17:00 – 18:00

Prezioa:

  • EIZIEko bazkideentzat: 90 euro
  • Bazkide ez direnentzat: 130 euro
  • Red Vérticeko elkarteetako bazkideentzat: 110 euro

Izena emateko azken eguna: 2021eko irailaren 15a

  • Ikasle-kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
  • 2021eko irailaren 17an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.