Ortotipografia (eta beste) - 2016
Ortotipografiak elementu tipografikoak erabiltzeko arau eta hitzarmenak biltzen ditu; ortografiaren eta tipografiaren arteko eremuan dabil. Hizkuntza idatziaren alderdi estetikoaz dihardu, nolabait, eta, elementu grafikoen antolamenduaz ari denez, edizio-estiloari ere lotua dago.
Alderdi formala da, hizkuntzaren senetik kanpo dagoena eta hizkuntza idatziari baino ez dagokiona. Hala ere, itzultzaile gehienon langaia hizkuntza idatzia denez, beharrezkoa dugu ortotipografiaren oinarriak ezagutzea.
Ikastaroan1, euskararen ortotipografia landuko da (tarteka, gaztelaniazkoa ere aztertuko da, batez ere azken berrikuntzak), eta maila orokorrekoa izango da. Ez dira erabilera sektorialak aztertuko (adibidez, bibliografia emateko arauak edo lan lexikografietako ortotipografia-arauak ez dira landuko). Arreta berezia jarriko da deklinazioari lotutako arazoetan, eta morfosintaxian ere sartu-irten bat egin beharko da behin baino gehiagotan. Azkenik, itzultzaile batek ortografia eta ortotipografia teknikoan jakin behar lituzkeen gutxienekoak ere landuko dira.
Ez da puntuazio-arauei buruzko ikastaroa. Beraz, ez da aztertuko puntuazio-marken erabilera diskurtsoaren barnean (noiz erabili behar den puntua, koma... testuaren barnean); testuinguru espezifikoetako erabileran, ortotipografikoan, baino ez dira landuko puntuazio-markak.
Ikastaro praktikoa izango da, itzultze-lanetan agertzen diren benetako adibideetatik eraikia.
Irakaslea
Itzultzailea, zuzentzailea eta hiztegigilea. EIZIEko kidea, eta 31 eskutik blogeko eskuetako bat. AEKn eta UEUn lan egin ondoren, 1990. urteaz geroztik Elhuyarren dihardu. Euskaltzain urgazlea da, eta Exonomastika batzordeko idazkaria. Terminologia batzordeko kidea ere bada. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren erredakzioburua izan zen. Letra larriak erabiltzeko irizpideak lanaren egilea da.
Ordu-kopurua
Guztira, 12 ordu (4 orduko 3 saiotan)
Noiz
2016ko otsailaren 23an, 24an eta 25ean
Non
Bilbon: Euskararen Etxean
Ordutegia
16:00 - 20:00
Egitaraua
1- Letren baliabide grafikoak: letra-atributuak (arrunta, etzana, lodia; deklinatzeko arazoak)
2- Zeinu ortografiko osagarriak (zorioneko/zoritxarreko marratxoa; barra; izartxoa, komatxoak...; zeinu diakritikoak)
3- Leku- edo pertsona-izenak ez diren bestelako "izen(dapen) berezien" eta kanpoko hitzen deklinabidea (erabilera eta zalantzak)
4- Laburtzapen grafikoak (laburdurak, siglak, sinboloak; deklinatzeko arazoak)
5- Ortotipografia teknikoaren hastapenak, itzultzaile orokor batek behar duen gutxieneko mailan (eguneroko unitateak deklinatzen; arazo morfosintaktikoak)
Prezioa
-EIZIEko bazkideak: 125 euro
-Ez bazkideak: 185 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideak: 160 euro
(AATI, ACE Traductores, ACEC, AGPTI, AICE, AIPTI, APTIC, APTIJ, ASATI, Asetrad, ATIJC, ATRAE, AVIC, EspAIIC, MET, TREMÉDICA, UniCo, XARXATIV)
Izena emateko epea
2016ko otsailaren 3tik 11ra (biak barne)
Oharra
-Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
-2016ko otsailaren 15ean jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.
1. 2014an, Donostian antolatu genuen ikastaro hau bera. Ikus hemen.