«Ingelesa-euskara itzulpen-mintegia» - 2016
Hamabost lagun bildu ginen Bilboko Euskararen Etxean, irailaren 26an eta 27an, ingelesetik euskararako itzulpenaz jarduteko, Itziar Otegi koordinatzaile genuela. Mintegiaren oinarri, parte-hartzaileek aldez aurretik landuak zituzten bi testu: The Guardian egunkaritik hartutako iritzi-artikulu bat, eta Osasunaren Mundu Erakundearen webgunetik harturiko txosten labur bat.
Mintegiari hasiera emateko, ingelesetik euskarara itzultzeko baliagarri diren zenbait baliabide berritu genituen. Hurrena, iritzi-artikuluari heldu genion. Egun bolo-bolo dabilen gai bati buruzkoa izaki Mindfulness edo arreta osoari buruzkoa, maileguaren beharraz eta ordainen egokitasunaz jardun genuen, bai eta kazetaritza-testuek eskatzen duten hizkuntz ekonomia eta esan-indarra lortzeko bideez ere.
Bigarren egunean, nazioarteko erakunde batzuen testuak itzultzeko erabil daitezkeen baliabide berezi batzuk izan genituen hizpide, eta halako itzulpenetan jarraitu ohi diren molde bereziak. Hautaturiko testuan nahasten ziren, batetik, administrazio- eta lege-hizkerako termino eta esapide batzuk, eta, bestetik, medikuntzari loturiko hainbat termino, eta horrek bi alor horiek berariaz lantzeko bidea eman zigun. Koherentziaren eta kohesio-mekanismoen garrantziaz ere hitz egin genuen, eta itzultzen zailak diren termino, esapide eta egitura batzuk aztertu genituen.
Talde-giro atsegina sortu zen mintegian, eta parte-hartzea aberatsa eta emankorra izan zen. Azpimarratzekoen artean, ingelesetik euskararako itzulpen moldeak deskribatu eta sistematizatzeko beharra dagoela adierazi zuten parte-hartzaile batzuek. Horra hor, zalantzarik gabe, etorkizun hurbilean jorratzeko moduko ildo interesgarri bat.