«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa - 2013

«Esan osteko eta aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa egin zuen EIZIEk urriaren 2tik 9ra bitartean, lau saiotan, Gasteizko Letren Fakultateko interpretazio laborategietan (EHU). Lehen bi saioetan esan osteko interpretazioan jardun zuten ikasleek, Jaione Arregi irakaslearekin, eta beste bietan aldibereko interpretazioan, Idoia Gillenea rekin. 12 ikaslek parte hartu zuten.

inter13-1.JPG

Esan osteko interpretazioa

Lehen saioan, ikasle-irakasleen aurkezpenaren ostean, parte hartzaileek esan osteko interpretazioari buruz zer dakiten azaldu zuten, eta zer eskarmentu duten. Batzuk inoiz jardun gabeak ziren; beste batzuek, ordea, sarri aritu behar behar izaten dute esan ostekoa egiten, lan baldintza ez oso samurretan aritu ere (epaitegiak, udalbatzarrak).

inter13-2.JPG

Irakasleak interpretazio modu honen gaineko metodologia azaldu ondoren, gogoeta teorikoa egin zuten denen artean, eta hainbat kontzeptu argitu zituzten: esan ostekoaren funtsa, testuingurua, notaketa sistemaren nondik norakoak, zer pertsona erabiltzen den interpretatzerakoan… Ondoren, ariketa praktikoak egin zituzten jardun honek eskatzen dituen gaitasunak lantzeko: memoria, arreta/analisia, komunikazioa…

Bigarren saioan, notaketa landu zuten. Notaketa sistema propio bat sortzeko irizpide eta iradokizunak eman zituen irakasleak, ohartaraziz, betiere, notak ez direla berez helburua, baizik eta bitarteko bat. Bukatzeko, pare bat diskurtso interpretatu zuten parte hartzaileek (irakasleak prestatutako bat eta ikasleetako batek prestatutako beste bat), eta irakaslearen eta ikaskideen feedbacka jaso zuten aldez aurretik azaldutako ebaluazio irizpideak baliatuta. Bestalde, nork bere kabuz praktika egiteko irizpide eta baliabideak ere azaldu zituen irakasleak.

Aldibereko interpretazioa

inter13-3.JPG

Aurkezpen orokorra egin eta gero, ikasle bakoitzak aldibereko interpretazioan duen eskarmentuari buruz hitz egin zuen. Ondoren, irakasleak, kabinaren aurkezpen orokorra egin eta interpretazio mahaiaren nondik norako orokorrak azaldurik, kontuan hartu beharreko jarraibide batzuk eman zituen.

Behin teoria pixka bat entzunik, ariketa praktikoak landu zituzten ikasleek. Hainbat euskalkitako hiztunen saio laburrak interpretatu behar izan zituzten gaztelaniara. Interpretatu ostean, irakaslearen feedbacka jaso zuten: zailtasunak, ohiko arazoen tratamendua, ahotsaren eta soinuaren kontrola eta interpretazio mahaiaren erabilera zuzena, besteak beste.

inter13-4.JPG

Azken saioan, berriz, ikasleek hitzaldi irakurrien interpretazioa landu zuten, gaztelaniara batik bat. Tarte labur batean, ikasleek testu idatziak prestatu, eta, ondoren, hizlarien irakurraldiari jarraituz interpretatu zituzten; lehendabizi hitzaldi errazagoak, eta, amaieran, zailagoak. Saioa bukatzean, irakurri gabeko hitzaldi labur bat interpretatu zuten euskarara. Bi kasuetan, irakaslearen iruzkinak eta feedbacka jaso zuten ikasleek.