Aldibereko interpretazio praktikak (es-eu-es) - 2012
Itzulinguruka blogetik hartua (2012-10-16)
Askok jakingo zenuten bezala, urriko lau egunetan EIZIEk "Aldibereko interpretazio praktikak" izeneko ikastaroa antolatu du, eta bertan izateko aukera izan dut beste hamar bat lagunekin batera. Eskolak Euskal Herriko Unibertsitatean izan ziren, Gasteizko Letren Fakultateko interpretazio laborategietako batean. Irakasleak, ofizioko bi aditu: Jaione Arregi eta Idoia Gillenea.
Ikastaroa nahiko praktikoa izan zen (euskara-gaztelania konbinazioarekin betiere), interpretazioaren esanahiari eta interpretearen funtzioari buruzko teoria pixka bat landu, eta hausnarrean jardun bagenuen ere.
Alde batetik, interpreteen ezaugarriez hitz egin genuen: jakin-min handiko pertsona behar duela izan, atzerriko hizkuntzak zein ama-hizkuntza erabat menperatu behar dituela (besteak beste, erregistro guztietan moldatu ahal izateko), jatorrizko mezuarekiko fidela izan behar duela, baina mezua bere eginda, eta, batez ere, informazioa azkar ulertu eta prozesatzeko gai izan behar duela. Chupao.
Bestalde, interpretatzerakoan beti errespetatu behar diren arauez ere jardun genuen: entzun eta ulertu duguna bakarrik interpretatu, esaldiak bukatu, koherentzia mantendu, KISS (Keep It Short and Simple), gramatika zuzena erabili, konfiantzaz hitz egin eta isilune luzeegirik ez laga, sinesgarritasuna ez galtzeko...
Halaber, etxean praktikatzeko jarraibideak ere eman zizkiguten. Egun bat (edo batzuk) aukeratzea komeni da, eta plangintza bat egitea: zer interpretatuko den jakin, gaia aldez aurretik prestatu, eta saio bakoitzaren helburua finkatu. Helburuok askotarikoak izan daitezke: "gaur esaldi guztiak bukatzen saiatuko naiz, informazioa galtzen badut ere" edo "gaur isilunerik ez lagatzen saiatuko naiz" edo "gaur horrenbestetan erabiltzen dudan entonces saihestuko dut". Zehaztu dugun jomuga horren arabera ebaluatuko dugu gure lana ondoren, eta saioari askoz etekin handiagoa aterako diogu.
Azkenik, interneten hitzaldiak bilatzeko, Youtube eta GipuzkoaTV erabili genituen gehienbat (azken horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko saioak ikus daitezke).
Hortaz, teoria badakizue, ekin lanari!