«Gaztelania xede III» mintegia - 2011
2009ko eta 2010eko saioak oinarri hartuz, «Gaztelania xede III» mintegia egin dugu aurten ere, azaroaren 25ean eta 26an, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Zortzi orduko mintegia izan da, launa orduko bi saiotan banatua, ostiral arratsaldez lau ordu eta beste lau larunbat goizean. Hogeita zazpi lagunek eman zuten izena, baina hamazazpi onartzea erabaki zen, batetik, zaila delako mintegi modura aritzea ikasle-kopuru handiagoarekin eta, bestetik, kultur etxeko gelaren tamainak berak zituen mugengatik.
Idoia Santamaría irakasleak lau testu prestatu zituen, eta aurrez bidali zitzaizkien ikasleei euskaratik gaztelaniara itzul zitzaten ikastaro-egunerako: Elhuyar aldizkariko iritzi-zutabe bat, aldizkari horretako aurkibidearen laburpen bat, Berriako erreportaje bat (The Guardian egunkariari buruzkoa) eta Senez aldizkaritik aukeratutako bi testu labur. Halaber, itzulpen horien lagin bat aurrez bidaltzeko gonbita luzatu zitzaien ikasleei, irakasleak itzulpenak aurrez gainbegiratzeko eta haien inguruko iruzkinak prestatzeko aukera izan zezan. Ikasleak fin-fin aritu ziren, eta gogotik egin zuten lan ikastaroaren aurretik testuak itzultzeko.
Ikastaroan, jatorrizko testua ozen irakurri ondoren, ikasleek egindako itzulpenak aztertuz joan ginen, paragrafoz paragrafo, testuz testu. Horiekin batera, irakasleak atalka jasotako adibideak xehatuz joan ginen, eta gai ugari izan genituen hizpide: euskal toponimoen erabilera gaztelaniazko testuetan, genero-kontuak (los/las vendedores/as), lokailuen erabilera, hitzen ordena, preposizioen erabilera egokia eta desegokia, kalko sintaktikoak, egitura sintaktiko desegoki batzuk, kolokazioak, erregistro-arazoak, puntuazio-kontu batzuk, aditzen denboren arteko inkoherentziak, jatorrizkotik hurbilegi edo urrunegi emandako itzulpenak, itzulpen desegokiak, anbiguotasunak, perifrasi eta nominalizazioen erabilera gehiegizkoa, ortotipografia-kontu batzuk (letra etzana, komatxoak, zenbakiak eta ikurrak...)...
Bestalde, azken bi urteetan izan diren berrikuntza bibliografiko nagusiak errepasatu genituen (RAEk argitaratutako gramatika eta ortografia berriak, batik bat), bai eta horiek zenbait erabakitan izan duten eragina ikusi ere.
Azkenik, larunbatean, ikastaroa amaitzeko, Lázaro Carreterren hizkuntzari buruzko hausnarketa zorrotz eta ironiko bat irakurri genuen, El dardo en la palabra liburutik aukeratua.