Zuzentzailea eta testua aurrez aurre - 2010
Urtarrilaren 25etik 26ra, elkartearen urteko lehenbiziko prestakuntza-saioa izan genuen: «Zuzentzailea eta testua aurrez aurre» mintegia. Guztira hogeita zazpi bazkide elkartu ziren Bilboko Euskararen Etxean, zuzentze-lanaz solas egiteko.
Astelehenean, Patxi Petrirenak eta Iñigo Roquek testu itzulien estiloaz jardun zuten, testugintzaren zenbait alderdi landuz: lexikoaren erregistroa, hitz-ordena, fraseologia
Fernando Reyk aurkeztu zigun zuzenketak egiteko erabiltzen duen metodologia: nola erabiltzen dituen koloreak zuzenkizun-hobekizunen arteko mailak zedarritzeko, zer irizpide erabiltzen dituen...
Arratsaldean, Mikel Garmendiak bidaia bat proposatu zigun, zenbait testu mota aurkeztuz eta, oro har, zuzenketaren ingurumariaz gogoeta eginez.
Asteartean, Ander Altuna UEUko liburugintzaren prozesuaz aritu zen, eta ikasmaterialen berezitasunez. Azken saioan, Juan Garziak EHUren ZIO bildumaren nondik norakoez hitz egin zuen, eta, orobat, bikaintasunaren bila, ereduzko testuak lortzeko egindako ahaleginaren berri eman zigun.
Ikastaroaren helburua praktikotasuna bazen ere, aurretik landu beharreko irizpide, prozedura eta jokamoldeetara lerratu ziren saio gehienak. Hala, hainbat eztabaidagai agertu ziren (batzuk behin eta berriro, gainera), ezin baita zuzentzen hasi lehendik zenbait erabakizun trenkatu gabe.
Giro biziko saioak izan ziren, eskuarki, eta gogoeta guztiak praktikara eramateko gogoa nagusitu zen hondarrean. Denborak ez zuen horretarako modurik eman, hala ere. Bigarren partea izan beharko du, bada, mintegiak. Ez ahal zaigu gertatuko Geroren bigarren parteari gertatua.