Euskara-gaztelania literatur itzulpenari buruzko lantegia - 2007

bego.jpg

Euskara-gaztelania literatur itzulpenari buruzko lantegia aspaldiko ideia baten gauzatzea izan da. Urte batzuetatik hona asko handitu da gaztelaniarako alderantzizko itzulpenaren produkzioa itzulpen mota guztietan. Literatur itzulpenean ere gero eta gehiago eskatzen eta egiten den jarduera da; hala ere, ohitura edo prestakuntza faltagatik, oso itzultzaile gutxik hartu dute parte arlo horretan. Hori dela eta, interesgarri iritzi genion horren inguruko lantegi bat proposatzeari.

Lantegia 2007ko apirilean diseinatu zen: gaztelaniarako itzulpenetan esperientzia handia duten bi itzultzaileri, Bego Montorio eta Gerardo Markuletari, proposatu zitzaien lantegiko saio bana bideratzea, narratiba eta poesiaren itzulpenari emanak, hurrenez hurren. Bosna orduko saioak izango zirela erabaki genuen, eta lantegia Gasteizen burutuko zela, hango Itzulpen Ikasketetako azpiegitura baliatuz.

Deialdia zabaldu zenean, beharren diagnostikoan zuzen geundela ohartu ginen; izan ere, ia berrogei pertsonak eman zuten parte hartzeko izena. Lantegia behar bezala funtzionatzeko jende gehiegi zenez gero, bi txanda egitea proposatu genuen. Lehen lantegia aldez aurretik finkatutako egunetan egin zen (maiatzaren 11 eta 12an), eta bigarrena handik hilabetera (ekainaren 1 eta 2an).

gerardo.jpg

Txanda batean zein bestean, irakasleek iaioak direla frogatu zuten, eta ikasleek gaiarekiko interesa: saioak oso dinamikoak izan ziren, eta jokabide orokorren eta arazo konkretuen arteko oreka oso egokia izan zen. Irakasleek aldez aurretik proposatu zituzten testuak nahiko landuta eraman zituzten ikasleek, eta, hala, euskara-gaztelania itzulpen arazoak era praktikoan aztertu ahal izan ziren. Horretaz gain, sareko zein paperezko baliabideen berri ere eskaini zen: lagungarri izan daitezkeen hiztegi motak eta webgune interesgarriak.

Amaitutakoan ikasleek egin zuten balorazioa oso positiboa izan zen. Besteak beste, honako alderdiak baloratu zituzten ondoen: irakasleen prestakuntza eta jarrera, testuekiko hartu-eman zuzena, antolaketa ona eta landutako generoekin (oso bereziki poesiarekin) zaletu izana. Gainera, tankera honetako ikastaroen garrantzia adierazi zuten, eta gehiago antolatzeko beharra ere bai.

EIZIEren aldetik ere, balorazioa ezin positiboagoa da: hasierako helburuak bete direla uste dugu, eta eskaria egonez gero antzeko lantegi edo ikastaro gehiago antolatzeko prest gaude.

EIZIE elkarteak antolatu du lantegia, EHUren laguntzaz eta CEDROren babesarekin.