EIZIE Elkartea

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta itzultzaile, interprete eta zuzentzaile profesionalak biltzen ditu, modu profesionalean dihardutenak zein itzulpengintzako goi-mailako ikasketak dituzten hasi berriak.

Itzulpengintzak batzen gaitu, euskaratik edota euskarara egiten dugun itzulpen, interpretazio zein zuzenketa lanak, edonon bizi garela ere.

Administrazioko itzultzaileak, interpreteak eta testu zuzentzaileak biltzen gara EIZIEn; literatur itzultzaileak, ikus-entzunezkoen itzultzaileak, zinpeko itzultzaileak… bizibidez batzuk, bizioz beste batzuk; beren kasa batzuk, soldatapean beste batzuk…

Triptikoa_eu.png

Deskargatu triptikoa (PDF)


Zer egiten dugu?

Helburu jakin batzuk lortzeko sortu zen EIZIE 1987. urtean, eta horiexen inguruan lan egiten jarraitzen du:

• itzulpengintzaren informazioa bildu eta zabaldu,
• itzultzaileek itzultzaileentzat sorturiko Senez aldizkaria argitaratu,
• gure aurrekoen lan sarritan eskerga aitortu, berreskuratu eta zabaldu,
• itzultzaileen prestakuntzarako saioak antolatu edo sustatu,
• literatura unibertsalaren ondarea euskarari ekartzeko bilduma bat sortu eta kudeatu,
• profesionalen lan-baldintzei kasu egin,
• itzultzailearen ikusgaitasuna landu
• itzulpengintza sustatu
• itzulpengintzak euskarari egiten dion ekarpenaz jabetzeko saioak antolatu,
• …

Asmo horiek betetzeko xedez, hainbat jarduera antolatzen ditugu urtero: ikastaroak, jardunaldiak… Horrez gain, zenbait argitalpen ere plazaratzen ditugu: SENEZ itzulpen aldizkaria, besteak beste.


Antolaera

Elkartearen aginte gorena Batzar Nagusiak dauka. Bazkide guztiok osatzen dugun Batzar Nagusi hori urtero biltzen da, eta, urteko plangintza eta aurrekontuak onartzeaz gain, Zuzendaritza Batzordea hautatzen da bertan.

Zuzendaritza Batzordea hilabetean behin biltzen da EIZIEren egoitzan, eta Elkartearen jardun nagusien inguruko erabakiak hartzen ditu.

    Bestalde, elkartearen funtzionamendua alorretan banatuta dago, eta zuzendaritzako kideek hartzen dute horien ardura. Honako hauek dira batzordekideak (2022ko Batzar Nagusian onartuak):

    Horiez gain, jardueren araberako arduradunek ere hartzen dute parte Zuzendaritza Batzordean.

    Elkartearen egoitzan bi bulegari aritzen dira: Mila Garmendia eta Arantzazu Royo.


    Historia

    Donostiako Itzultzaile Eskolako zenbait irakasleren ekimenez eman ziren 1987an euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko lehen urratsak, euskal itzultzaileak eta beren lanak gizartean aintzat hartzen has zitezen lan egiteko eta talde horren interes profesionalak babesteko helburuarekin. 1988an egin zen Elkartearen osaera-biltzarra, 60 itzultzaile inguru bildu ziren bertara, eta Elkartearen estatutuak onartu zituzten bertan, sorrera-helburuak oinarri harturik:

    • Euskal itzultzaileei babes juridikoa eman eta lan baldintzak hobetzen saiatu.
    • Bai euskarara bai euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaindu.
    • Euskarara era guztietako lanak itzul daitezen lan egin.
    • Itzultzaileen formazioa hobetu.

    Etengabe jardun du elkarteak orduz geroztik itzulpengintzaren eta itzultzaileen alde lanean.

    Elkartearen historia labur bezain biziaren berri ematen duen liburuxka argitaratu genuen 2002. urtean, CEATL erakundearen urteko batzarra Donostian egin zela eta.

    EIZIEk, 30 urte

    omenduak.jpg

    Elkartearen 30. urteurrenean, topaketa bat antolatu genuen sortzaileak omentzeko, eta, hala, Lurdes Auzmendik, Xabier Mendiguren Bereziartuk eta Josu Zabaletak sorreraren berri eman ziguten. Miren Ibarluzea eta Bego Montorio ere han izan ziren, beren bizipenak konpartitzen, Karlos del Olmok gidaturiko solasaldian.

    Omenaldia EIZIEri, Literaturian

    literaturia3_2020.jpg

    Omenaldian, Mila Garmendia eta Bego Montorio EIZIEkideek izan zuten oroigarria jaso eta Literaturiako taldeari eskerrak emateko ohorea. Pozik jaso zuten Manu Urbieta pintore eta eskultorearen oroigarria, Ibai Sarasuaren eskutik.

     

     

    Azken eguneratzea: 2022-03-28