Zabalik da Minaberri itzulpen-bekaren II. deialdia

- Itzultzaile hasiberriei begira sortu zen iaz tzulpen-beka.
- Zabalik da bigarren deialdia.
- Bekaren hartzailea mentoretza baten bidez trebatuko da itzulpengintzan.
- Txalaparta argitaletxeak argitaratuko ditu itzulpenak.
EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, MINABERRI itzulpen-bekaren II. deialdia antolatu du, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Mentoretza CEDRO erakundearen laguntzaz egingo da.
Beka honen bidez, halaber, elkartearen xede diren arlo bat baino gehiago landuko dira: itzulpengintza sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalitatea zaintzea, irakurzaletasuna ere sustatzeaz batera.
Itzultzaile hasiberriei begira, mentoretza baten bitartez
Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera, eta mentoretza bat ere aurreikusi da, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntza eman diezaion itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez.
Itzulgaiak, nazioartean sarituak
Zer lan itzuliko diren erabakitzeko, nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literaturako sariketak hartzen dituzte kontuan antolatzaileek: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgren saria.
Bi sariketa horietan sarituak izan diren egileen lanak aztertzen ditu urtez urte horretarako osaturiko hautaketa-batzorde batek, eta egokien irizten dion gazte-literaturako lan bat aukeratzen du, bekaren deialdirako.
Deialdia
Zabalik da bigarren deialdia, eta Marie-Aude Murail idazlearen Sauveur & fils obra izango da aurtengo itzulgaia. Lanak aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da.
Beka eskuratzen duen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udaletik, eta Xabier Olarra itzultzailearekin jardungo du aurten itzulpen-prozesuan.
Ikus oinarriak.