Xalbador Garmendia hil da
Ohorezko bazkide izendatu zuen EIZIEk 2000. urtean Xalbador, beste batzuekin batera, aurreko belaunaldiek egindako lan eskerga aitortze aldera.
Itzultzaile eta zuzentzaile ez ezik, beste arlo ugaritan jardun zuen Xalbadorrek, euskalgintzan eta kulturgintzan: hizkuntzalari, idazle, antzerkigile, irakasle, musikari…
Lehenengo ikasketak Tolosako sakramentinoekin egin ostean, Erromako Unibertsitatera joan zen Teologia ikastera. Handik itzultzean, Maulen bizi izan zen eta hainbat lekutan aritu zen lanean: Zeruko Argia aldizkarian zuzentzaile, Eusko Kontseilu Nagusiko itzultzaile, eta Egin egunkariko euskara arduradun aritu zen erretiratu arte. Euskaltzain urgazlea ere bazen.
1960ko hamarkadan euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen, besteak beste, Gabriel Arestirekin batera. 1964an kaleratutako Historia triste bat antzerki-lanarekin Ondarroako Lore Jokoetako Antzerki saileko lehen saria irabazi zuen, eta Euskal-Elerti 69 bilduman argitaratu zen.
Garai bertsuan, bestalde, itzulpengintzari lotu zitzaion zaldibiarra. Albert Camus-en Les Justes euskaratu zuen (Gizon zuzenak, 1967), bai eta Pedroloren Homes i no ere (Gizonak eta ez, 1969). Handik urtebetera Tatiana Zajarovaren Lurraren kondaira itzuli zuen, non munduaren jatorriaz eta bilakaeraz informazioa emateaz gain, gaiaren inguruan jakintsu handienek (Greziako Anaximandrotik garai modernoagoetako Galileo edo Newtonera) esanikoak azaltzen baitira. Liburuaz eginiko kritikan, Angel Irigaraik obraren ulerterraztasuna azpimarratu zuen; nahiz eta teknizismo asko agertu, euskaraz ongi emana zela: “etzaio erdal joskerarik batere nabari” (Zeruko Argia, 1971-02-28).
Horiez gain, berak ekarri zion euskarari Printze txikia lehen aldiz, eta Heriotza iragarritako baten kronika ere berak ekarri zigun.
(Argazkia: Goierriko hitza)