Xabier Olarrak jaso du Espainiako Itzulpengintza Saria

2025 Urria 15
Xabier Olarrak jaso du Espainiako Itzulpengintza Saria

Itzultzaile eta editoreak 'euskara aberasten eta normalizatzen egin duen lan itzela' goraipatu du epaimahaiak. Zorionak, Xabier!


[Argazkia: Wikipedia]

Asko eta asko dira Xabier Olarrak euskarara ekarri dituen autoreak (Joyce, Oates, Capote, Bierce, Hammett, Al Aswani, McEwan…) 1980an itzultzaile ibilbideari ekin zionetik. Hamarkada horren amaieran sortu zuen Igela argitaletxea ere, Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera, euskal itzulpenak izan duen argitaletxe emankorrenetako bat.

Itzultzaile Baten Obrari Emandako Espainiako Sariarekin aitortu dio urteetako lan eskerga hori Espainiako Kultura Ministerioak, «normalizatzen eta aberasten egindako ekarpen itzela». Olarra euskarak «inoiz izan duen itzultzaile bikainenetako bat eta emankorrenetako bat» dela ere esan du epaimahaiak, eta gehitu «Nobela beltza euskal literaturara ekarri zuen lehena, aitzindaria da Olarra, eta aise ibili da hara-hona askotariko genero, garai, erregistro eta hizkuntzetan. Berrogei urtetik gorako ibilbide luze eta bikaina da harena, eta itzulitako lanen kalitatean eta konplexutasunean nabarmentzen da hori».

Lehen ere hainbat sari jasotakoa da Olarra. Hiru aldiz irabazi du itzulpengintzako Euskadi saria: 2006an, Raymond Queneauren Estilo liburuak lana euskaratzeagatik; 2012an, Arantzazu Royorekin batera, Alaa Al-Aswaniren Jakobian eraikina liburua itzultzeagatik; eta 2016an, berriz, James Joyceren Ulises lanaren itzulpenagatik. 2013an, Dabilen Elea saria ere jaso zuen, egindako ibilbideagatik.