Xabier Izagirrek, Jon Goirik eta Garbiñe Ugartek irabazi dituzte euskarazko ikus-entzunezkoen XIII. ATRAE sariak

2025 Abendua 1
Xabier Izagirrek, Jon Goirik eta Garbiñe Ugartek irabazi dituzte euskarazko ikus-entzunezkoen XIII. ATRAE sariak

Xabier Izagirrek jaso du bikoizketarako itzulpen onenaren saria, Jon Goirik egokitzapenarena eta Garbiñe Ugartek azpitituluetarako itzulpen onenarena.


Ikus-entzunezko itzulpenen kalitatezko lanak eta horien egileak ikusarazteko antolatzen dituzte urtero sariak.

Azaroaren 22an izan zen sarien banaketa-ekitaldia, Las Palmas Kanaria Handikoan, eta honako hauek jaso zuten saria:

  • Euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onena: Xabier Izagirrek eta Jon Goirik, Orion and The Dark filmerako lanagatik: «Nabarmentzekoa da zeinen ondo egokitzen den lan hau jatorrizkoaren luzerara eta irudira, eta horrek oso ikuserraz egiten du. Oso zaila da hori lortzea, hain elkarrizketa bizkorrak dituen haurrentzako film baten kasuan. Gainera, pertsonaien izenak grazia handiz itzuli dira, eta errimak, poemak eta abestiak errespetatu dira».
  • Euskarako azpitituluetarako itzulpen onena: Garbiñe Ugartek, Thelma The Unicorn filmagatik: «Azpititulazio lan bikaina, bai hizkuntzari dagokionez eta bai teknikoki. Trebetasun handiz ebazten ditu abesti, txiste eta esaerak itzultzeak sortzen dituen erronkak. Lana naturala da guztiz, jatorrizkoaren ñabardura arin eta jostariak gordetzen ditu, eta ezin hobeto funtzionatzen du».


Informazio guztia, ATRAEren webgunean.