Vitoria-Gasteiz sarien 2023ko deialdia argitaratu da
2023
Apirila
3
Haur eta Gazte Literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik onenak sarituko dira.
Vitoria-Gasteiz itzulpen sarien 2023ko deialdia eta oinarriak argitaratu ditu Gasteizko Udalak, ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean).
Sari bana emango da, bi sail hauetan:
- Haur literatura (6-12 urte), diploma eta 9.000 euro.
- Gazte literatura (13-18 urte), diploma eta 9.000 euro.
Aurkezteko betebeharrak
- Edozein hizkuntzatatik euskarara egindako haur eta gazte literaturaren alorreko itzulpenekin —2022. urteko legezko gordailua dutenak— lehiatu ahal izango da Vitoria-Gasteiz Sarietarako.
- Itzulpena egin eta argitaratzeko eskatzen diren lege-betekizun guztiak beteta izan beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren lanek.
- 2022. urtekoa izan beharko du legezko gordailuaren datak.
- 2023ko deialdi honetara ezingo dira sail bereko lehiaketara aurkeztu 2021ean edo 2022an sail horretan sarituak izan ziren itzultzaileak.
- Sari hauek bateragarriak dira bai beste erakunde batzuek ematen dituztenekin, bai liburuak itzultzeko jasotako dirulaguntzekin.
- Ez da onartuko enpresek egindako itzulpen-lanik.
Aurkezteko eta izapideak egiteko epea
2023ko maiatzaren 5ean amaituko da epea.