Vitoria-Gasteiz sarien 2026ko deialdia argitaratu da

2026 Martxoa 18
Vitoria-Gasteiz sarien 2026ko deialdia argitaratu da

Haur eta Gazte Literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik onenak sarituko dira.


Vitoria-Gasteiz itzulpen sarien 2026ko deialdia eta oinarriak argitaratu ditu Gasteizko Udalak, ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean).

Sari bana emango da, bi sail hauetan:

  • Haur literatura (6-12 urte), diploma, zurez eta arbelez eskuz landutako garaikurra eta 9.000 euro.
  • Gazte literatura (13-18 urte), diploma, zurez eta arbelez eskuz landutako garaikurra eta 9.000 euro.

Aurkezteko betebeharrak

  1. Edozein hizkuntzatatik euskarara egindako haur eta gazte literaturaren alorreko itzulpenekin —2025. urteko legezko gordailua dutenak— lehiatu ahal izango da Vitoria-Gasteiz sarietarako.
  2. Itzulpena egin eta argitaratzeko eskatzen diren lege-betekizun guztiak beteta izan beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren lanek.
  3. 2025. urtekoa izan beharko du legezko gordailuaren datak.
  4. 2024an edo 2025ean sail batean sarituak izan ziren itzultzaileak ezin izango dira sail bereko lehiaketara aurkeztu 2026ko deialdi honetan.
  5. Sari hauek bateragarriak dira bai beste erakunde batzuek ematen dituztenekin, bai liburuak euskaratzeko jasotako dirulaguntzekin.
  6. Ez da onartuko enpresek egindako itzulpen-lanik.

Aurkezteko eta izapideak egiteko epea

2026ko apirilaren 21ean amaituko da epea.