«Testugintza fina, ekin gabe ezin egina» ikastaroa, Bilbon
Euskararen Etxean, maiatzaren 20an eta 21ean. Irakaslea: Juan Garzia
Helburua: Euskara jarduera kultural guztietan trebatuz joan garen azken mende erdi honetan, nabarmen agertu da ezinbestekoa dela euskal prosa bere baitatik garatu eta lantzea, auzo-erdarekiko diglosiak testugintzan ezarritako oztopo eta nahasteak ahaleginean gaindituko badira. Bereziki larria da kontua, joskera esaten diogun alderdian, horretan baitira zeharo dibergenteak euskara eta auzo-erdarak, eta tipologia-desberdintasun horrek nahitaez eskatzen baititu hizkuntza bakoitzari egokituriko jokabideak. Joskera ez da soilik perpausen sintaxia, baizik eta esparru zabalagoko kontu konplexu bat, testu-antolaera terminoak bil dezakeena. Morfosintaxitik harago, bada, hona alderdi batzuk erabakigarri direnak euskarazko testuaren joskera egoki eta erosorako:
- testuaren egitura
- esaldien eta haien segiden taxuera
- perpausen barne-antolamendua
- sintagma luze-konplexuen trataera
Testugileak (idazle, itzultzaile, zuzentzaileak) beti kontuan hartu behar dituen alderdi horiek zehaztu eta aplikatzea da, bada, ikastaro honen helburua. Praktikan oinarrituko gara guztiz, parte-hartzaileek lagin eta aztergaitzat ekarritako testuetatik abiatuta.
Irakaslea: Juan Garzia
Non eta noiz: Bilbon (Euskararen Etxean), 2026ko maiatzaren 20an eta 21ean
Ordutegia: 16:00 – 19:00
Izena emateko epea: 2026ko apirilaren 22tik maiatzaren 4ra, biak barne
- Ikasle-kopurua mugatua da, eta EIZIEko kideek izango dute lehentasuna.
- 2026ko maiatzaren 6an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.
Informazio gehiago eta izen ematea, hemen.


