SENEZ itzulpen-aldizkariaren 57. zenbakia argitaratu du EIZIEk
Lanean dihardugu, etengabe ikasten eta gogoeta egiten. Eta lan eta gogoeta horren puska bat dakargu aurtengo aldizkarira: 19 egile eta 19 artikulu bildu ditugu aurten guztira.
Itxaro Bordaren testu batetik hartua dakargu aurtengo Senez aldizkariaren goiburua: mundua errateko aditzak. Izan ere, garai nahasiotan bereziki, horretan gabiltza itzultzaileok, mundua errateko aditzen bila.
Aspaldi ikasi genuen itzulpengintza ez daitekeela neutrala izan. Ezta itzultzaileak ere. María Reimóndezen hitzetan, itzultzailea «testu- edo komunikazio-egintza batera bere ideologiarekin hurbiltzen den bitartekari bat» da. Eta horrek erantzukizun bat dakar, itzultzaileak hautatzen eta erabakitzen baitu zer hitz, esapide, hizkuntza-molde eta erregistro baliatuko dituen hizkuntza batean sorturiko testu, esaldi edo dena delako informazioa xede eta indar berarekin irits dadin beste hizkuntza bateko irakurle, entzule eta orobat hartzaileengana. Hau da, jatorrizko mezua hizkuntza batetik bestera aldatzeaz gain, itzultzailearen esku dago hura nola eman ere.
Lanean dihardugu, etengabe ikasten eta gogoeta egiten. Eta lan eta gogoeta horren puska bat dakargu aurtengo aldizkarira: 19 egile eta 19 artikulu bildu ditugu aurten guztira.
Lehenik, lagun maiteak gogoan, Patxi Apalategi, Edorta Matauko eta Patxi de Vicente oroitzeko artikulu bana ondu dute Felipe Juaristik, Hedoi Etxartek eta Inma Erreak, hurrenez hurren.
Behinola ikasle eta irakasle izanak elkarrizketatzaile eta elkarrizketatu bilakaturik, Maitane Uriartek Koldo Biguriri egindako elkarrizketa mamitsua dakargu ondoren.
Literatura itzuliaren itsasoan barrena, zira erantzi eta Ocean Vuong vietnamdar poetaren lana ezagutuko dugu Ane Garciaren eskutik. Aingeru Epaltzak, itzultzaile- eta idazle-eskarmentua abiapuntutzat harturik, gogoeta egin du Felix Urabayenen Auzo madarikatuaren itzulpenaz, eta Leire Vargasek, berriz, mapak mahai gainean zabaldu eta Elizabeth Bishopen poemak euskaratzean bidean aurkitutako mugarrien berri eman digu. Poesiaren putzutik atera gabe, Munduko Poesia Kaierak bilduma xehe-xehe aztertu digu Garazi Goldarazenak. Begi-belarriak zabaldu, eta gazte-literaturako itzultzaile gazte baten kontuak irakurriko ditugu ondoren, Ainhoa Mendiluzek Minaberri bekaz baitihardu «Utzi kontatzen zer den Minaberri beka» artikulu jakingarrian. Ur sakonetan segituz eta txoko ezkutuak bistaratuz, manga komikiaren itzulpenean murgilduko gara Iker Álvarezen eskutik. Jon Alonsok ezarri du, umorea eta gogoeta uztartuz, literatura-itzulpenaren ataleko azken tanta, hanka-sartzeen antologia txiki baten bidez.
Ikus-entzunezko itzulpenaren zipriztinak ere iritsi zaizkigu, eta, hala, denboraren gurpilean sartu eta telesail bateko azpitituluen itzulpenaren atzean dagoen lan eskergaz jabetuko gara, Leire Chertudiren artikuluari esker.
Interpreteen ahotsak ere ozen datozkigu aurtengo aldizkarian, eta, batetik, Quebecen etorkin hispanoekin egiten duen interprete-lanaz arituko zaigu Aiora Jaka, eta, bestetik, soinuaren kalitateak aldibereko interpretazioan duen garrantzia azpimarratuko digu Amaia Orbe interpreteak.
Beste putzu batzuetara jauzi eginez, neutraltasunaren amuari heldu eta genero-markak euskaraz ematean egiten diren hautuak ikertu ditu Jone Bakaikoak (Danele Sarriugarteren itzulpenetan oinarriturik), eta adimen artifizialaren zingiran ez itotzeko arrastoan jarriko gaitu María Reimóndezek. Zingira berean igerian segituz, zenbait aholku bildu ditu Alaitz Zabaletak «Nola bihurtu adimen artifiziala itzultzaileon laguntzaile» artikuluan, eta Nora Aranberrik, berriz, ikerketa baten emaitzak laburbildu dizkigu: «Edukia eta indarra: intentsitate emozionala euskarazko itzulpen automatikoan».
Azkenik, liburu baten gomendio freskoa idatzi digu Jone Atxak: «Interprete baten intimitateak».
Beraz, Angel Erroren hitzak parafraseatuz («Gaur ere, egunero bezala, etorkizunera iritsi gara», Lerro etena, 98. or.), aurten ere esan dezakegu, urtero bezala, etorkizunera iritsi garela. Aurten ere, urtero bezala eta urtebeteren buruan, kalean dugula Senez aldizkaria. Berrogeita hamazazpigarrena. Egileoi, erredakzio-taldeko lagunoi eta irakurleoi esker. Eskerrik asko denoi eta heldu den urtera arte.


