SENEZ aldizkariaren 52. zenbakia argitaratu du EIZIEk

2021 Iraila 29
SENEZ aldizkariaren 52. zenbakia argitaratu du EIZIEk

Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren bueltan ikusi du argia aurtengo zenbakiak.


Sarreran dioenez, «Itzulpena bidaia luze bat da, inoiz ere amaitzen ez dena; dena dela, lantzean behin, bazterrean atseden hartzen gelditu eta beste bidaideei agur esateko parada ematen digu».

Oraingoan ere, itzulpengintzarekin loturiko arlo ugari jorratu nahi izan ditugu, gogoetak eta jakinkizunak konpartitzeko, horretarako sortua ere bada-eta aldizkaria.

Poema itzuliak aurkeztu ohi ditu aldizkariak hasierako orrietan, eta, aurten, bi poetaren lagin bana ekarri dizkigute: Derek Walcott (Joannes Jauregik) eta Lupe Gómez (Jon Kortazarrek eta Juan Kruz Igerabidek).

Hain zuzen, Juan Kruz Igerabide izan du solaskide aldizkariak aurtengo elkarrizketan, ahozko euskal tradizioaz, euskal literaturaz, itzulpenaz, sormenaz, hizkuntzaz eta abarrez hitz egiteko.

Itzulpenak literatura-sisteman duen garrantziaz mintzatu ziren iaz EIZIEk Literaturian antolaturiko solasaldian («Itzulpengiltzaz: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko»), eta han adierazitakoak ekarri ditugu orriotara.

Euskal emakume itzultzaile aitzindariak izan ditu gogoan Ainhoa Salaberria Garmendiak, saiakeraren itzulpenari buruzko erradiografia bat egin digu Olatz Esteban Ezkatik, eta Amanda Gorman-en itzulpenak nazioartean sortutako eztabaidaren harira itzultzaile zuri euskaldun baten gogoeta-ariketa ekarri digu Ane Garcia Lopezek.

Liburuen –itzulpenen– berredizioak eskatzen duen zuzenketa-lanaz jardun du Fernando Reyk, bere esperientzian oinarriturik zenbait gogoeta eginez. Roberto Serranok, berriz, Dostoievskiren urteurrena izan du hizpide artikuluan.

Irakaskuntzaren ikuspegitik jardun du Miren Ibarluzeak, itzulpenaren balio pedagogikoa ardatz harturik itzulpenak (euskal) irakaskuntzan izan dezakeen agerpideen eta funtzioen inguruan hausnartzeko abiapuntu gisa.

Teknologia berriek ere badute lekua aldizkarian, eta bi artikulu ekarri ditugu aurtengoan: batetik, EIZIEk antolaturiko Postedizio Lantegiaren kronika moduko bat, irakasleen eta zenbait parte-hartzaileren ekarpenak jasotzen dituena, eta, bestetik, itzultzaile automatiko neuronalak Administrazioan zer leku duen aztertzen du Manu Arrasatek bere artikuluan.

Bestalde, urruneko interpretazioaz hitz egin digu Maria Colerak, pandemia garaian indar handia hartu duen interpretazio-modalitateaz.

Aldizkaria ixteko, itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri jaso dugu, zenbait iruzkinen bitartez.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Juan Azpeitiaren irudiz apaindua datorrela aldizkaria oraingoan ere, dotore eta ikusgarri.

Laster izango da irakurgai webgunean ere.