SENEZ aldizkaria dugu ospakizun Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean
Aurten ere badugu zer ospatu Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean: Senez itzulpen-aldizkariak 35 urte bete ditu, 50. zenbakiarekin bete ere.
Ospakizunei ekiteko, Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEren lehendakariak eta Karlos del Olmo aldizkariaren zuzendariak prentsaurreko bat eskaini dute Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.
Senezen lehen alea 1984an argitaratu zen, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren ekimenez, Elhuyar eta UZEI elkarteak ere partaide zirelarik. 2019ko irailean, 35 urte geroago, 50. zenbakiak ikusi du argia, bai paperean bai sarean. Oraingoan ere, itzulpengintzarekin loturiko alderdi ugari ekarri dugu aldizkarira, eta egileen artean ere, ibilbide luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean ari direnak zein mundu akademikoan dabiltzanak bildu zaizkigu aldizkarira.
Ospakizun-ekitaldia
Albiste pozgarria da, inondik ere, Senezen motako aldizkari bat 50. portura heltzea, paperezko jantzia aldean duen arren, aldagarri digitala ere dotore beztituta. Horregatik, lagunarteko ospakizun ireki bat ere antolatzen ari gara. Ekitaldia urriaren 16an izango da, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Clubean. Bertan zuzeneko parte-hartzeak eta bideo batean grabatutako lagunenak izanen ditugu, baita musika zuzenean eta otamena lagunartean ere.
Adiskide asko gonbidatu ditugu hitzez parte hartzera, beren gogoetak egitera guk puntu jakin batzuk emanik, asmoa izanik denon arteko begirada poliedriko bat osatzea Senezi hainbat ertzetatik so eginez. Sorreraz mintzatuko gara, aldizkariaren ibilbideaz, diseinuaz, akademian ere duen garrantziaz, ikasketa eta ikerketarako ehuntzen joan den ondareaz, inpaktuaz eta etorkizunaz... eta, gainera, Anjel Lertxundi idazlea izanen dugu gonbidatu berezi.