Poesia itzultzeko egonaldi baterako deialdia

2021 Urria 20
Poesia itzultzeko egonaldi baterako deialdia

Katalanetik, euskaratik edo galizieratik itzultzen duten poesia-itzultzaileei dago zuzendua deialdia, Faberllull egoitzan (Katalunian) astebeteko egonaldia egiteko.


Ramon LLull Institutuak, Galiziako Kultura Kontseiluak eta Etxepare Euskal Institutuak deialdia zabaldu dute poesia itzultzeko egonaldi batean parte hartu nahi duten itzultzaileentzat.

Katalunian egingo da egonaldia, Oloteko Faberllull egoitzan, 2022ko apirilaren 1etik 8ra bitartean.

Deialdiaren helburua da lanerako, inspiraziorako eta elkartrukerako gunea eskaintzea. Egonaldiak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, taldeko lana, egoiliarren arteko trukea lehenesteko xedea duena. Topaketak antolatuko dira beste itzultzaile batzuekin eta idazleekin, inspirazio eta mentoretza gisa baliagarri izateko asmoarekin. Bestetik, bakarkako lana, egoiliar bakoitzak bere proiektua garatzeko aukera izan dezan.

Egonaldian parte hartzeak aukera emango du antolatzaileen eragineko hiru eremuetako literatura jaialdi batean parte hartzeko.

Hautagaitzak aurkezteko azken eguna: 2021eko azaroaren 30a.

Informazio osoa, hemen.

(Iturria eta argazkia: Etxepare Euskal Institutua)