Patxi Zubizarretak eta Xabier Olarrak irabazi dituzte 'Vitoria-Gasteiz' itzulpen sariak
2002 urteaz geroztik, Vitoria-Gasteiz Sariak ematen ditu Gasteizko Udalak, haur eta gazte literaturako lanen euskararako itzulpen onenak nabarmentzeko.
Patxi Zubizarretak irabazi du haur literaturako itzulpenaren saria, Alexandra Garibalen Animalia asko, pila bila (Plein plein plein d'animaux) liburuaren itzulpenagatik (Ibaizabal, 2019). Epaimahaikideek jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu dituzte, eta gehitu dute oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena.
Gazte literaturaren saria, berriz, Xabier Olarrak irabazi du, Robert Louis Stevensonen Catriona liburuaren itzulpenagatik (Igela, 2019). Egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dituzte epaimahaiko lagunek, eta «itzulpen borobila» dela gehitu: «Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da».
Epaimahaia itzultzaile hauek osatu dute: Aintzane Atelak, Patxi de Vicentek, Karlos del Olmok, Miren Ibarluzeak eta Mario Unamunok.