Paco Uriz gogoan

2023 Urtarrila 16
Paco Uriz gogoan

(Argazkia: El Periódico de Aragón). Urtarrilaren 10ean hil zen Paco Uriz itzultzailea, euskal itzultzaileok beti gertu izan genuen laguna.


Zaragozan sortua, suedieratik gaztelerarako itzultzailerik oparoenetakoa izan da (Olof Palme, Peter Weiss, Ingmar Bergman, Per Olov Enquist, eta batez ere Europako iparraldeko poeten itzultzailea: Harry Martinson, Tomas Tranströmer, Gunner Ekelöf, edo Claes Andersson, esate baterako) eta bi herrialdeen arteko zubi lanak egin ditu bizitzan zehar. Suediako Atzerri Ministerioko itzultzailea izan zen.

Bi aldiz Itzulpeneko Sari Nazionalaren irabazlea, itzulpena bihotz-arimaren sakonenean sartua zuen eta etsipenari amore eman gabe lanean jardun zuen beti. Lan horren fruituetako bat Tarazonako Itzultzaile Etxea da, bera izan baitzen tokia bilatu, Aragoiko Gobernuarekin negoziatu eta Europako Elkartearekin bat eginda 1988an ateak irekitzea lortu zuena. Euskal itzultzaile batek baino gehiagok izan du aukera bertan Moncayo mendiaren gerizpean lanean jarduteko, edo gutxienetik bertan urte asko eta askotan antolatzen ziren itzulpen jardunaldietan parte hartzeko.

Zor handia dugu euskal itzultzaileok Pacorekiko, EIZIE Elkartearen sorreran eta hasierako urteetan beti aldamenean izan genuelako.

Lurdes Auzmendi