Nor da Nor. Jaso dugu 2018ko uzta!
Aurreko urteetan gure itzulpen komunitatearen zuhaitzaren adarrez eta sustraiez aritu ginen... Bada, aurten, zuhaitz horretako loreek emandako uzta oparoa dakarkizuegu! Euskal itzulpengintza inoiz baino emankorrago dago eta zuekin konpartitu nahi izan dugu bildutako hori.
Azken urtera arte 342 bazkide aritu dira euskaratik edota euskararako literatur itzulpenaren jardunean. Bazkideez gain, beste 1.300 lagunetik gora ere bildu ditugu gure datu basean urte hauetan guztietan. Euskal itzultzaileen komunitatea gero eta handiagoa da, eta espero dugu bide horretatik jarraitzea.
Hilabete batzuk pasa dira jada 2018. urtea atzean utzi genuenetik; tarte horretan euskarak egin dituen eta ekarri dituen fruituak jasotzen ibili gara. Lehenik eta behin, poztekoa da jakitea gure idazleen 21 lan esportatu ditugula penintsulako beste hizkuntzetara, ingelesa eta frantsesaren gisako hizkuntza handietara, baita esloveniera eta bulgariera ere. Zorionak eta mila esker gure hizkuntza eta kultura pixka bat ezagunagoa egiten lagundu duzuen horiei!
Ez dira gutxiagorako izan guk inportatu ditugunak, 88 lan zehazki, liburu eta interneteko euskarri desberdinetan. Esan dezakegu ia kontinente zahar osoa gurera ekarri dugula: Ingalaterra, Frantzia, Italia, Errusia, Alemania, Grezia, Kroazia, Polonia, Bosnia, Portugal... Itsasoz bestaldeko asko ere izango dira gurekin aurrerantzean: EEBB, Kanada, Uruguai... Txina eta Japoniako lanak ere ekarri nahi izan dituzte eta jada gurean aurki ditzakegu. Eta nola ahaztu gure bidaide diren Katalunia eta Galizia; harreman estua sortu dugu haiekin eta gure kulturak elkar aberasten jarraituko dugulakoan gaude.
Aipamen berezia egin nahi diegu EIZIEtik kudeatzen dugun Literatura Unibertsala bildumara batu diren lau titulu berriei:
- Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia, Aiora Jakak itzulia.
- Fleur Jaeggyren Proleterka, Miren Iriartek eta Fernando Reyk elkarlanean itzulia.
- Friedrich Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa, Idoia Santamaríak itzulia.
- Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, Isabel Etxeberriak itzulia.
Ikusten duzuenez, uzta oparoa bezain askotarikoa jaso dugu aurten. Narratiba, haur eta gazte literatura, poesia, saiakera eta komiki lan berriez gozatzeko aukera izango dugu aurrerantzean... Gustu, adin eta pentsaera desberdineko irakurleentzat nahi adina liburu. Pasa zaitezte Nor da Nor bilatzailetik eta aurkitu zuena!
Guk zuhaitz honek ematen dituen fruitu goxoak biltzen eta antolatzen jarraituko dugu... Bitartean, ongi izan lagunok!
Iñigo Satrustegi