Nor da Nor datu-basea, berritua
Abiaorriari itxura berria eman diogu, datuak sailkatzeko eta erakusteko modua ere aldatu da, eta etengabe ari gara edukiz hornitzen.
Zortzi urte pasatxo dira Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu-basea jendaurrean aurkeztu genuenetik, eta harrezkero asko handitu zaigu umea. Helduentzat eta liburu formatuan 1975etik aurrera argitaratutako literatura itzuliaren erreferentziekin hasi ginen, eta, apurka-apurka, euskaratik edo euskarara itzuli eta argitaratu den literatura guztia jasotzera heldu gara (hutsuneak hutsune, betiere): helduentzat zein haur eta gazteentzat, liburu formatuan, aldizkarietan, webguneetan... 12.000 erreferentzia baino gehiago!
Itzulitako lanak ez ezik, horien atzean dauden profesionalak ikusarazi nahi izan ditugu hasiera-hasieratik. Hala, 30 bat itzultzaile aitzindariren berri ematen hasi ginen, eta gaur egun, 200etik gora profesionalen bio-bibliografiak kontsulta daitezke, eta EIZIEko bazkideekin zuzenean kontaktatu daiteke Nor da Nor-en bidez.
Garatze eta handitze prozesu horretan, gure helburua beti izan da datu-basea herritar guztientzat baliagarria izatea eta haien behar eta interesei ahalik eta ondoen erantzutea, eta horrexek eraman gaitu webguneararen itxura berritzera eta eskaintzen dugun informazioa beste modu batera antolatzera, erabiltzaileentzat erosoagoa gerta dadin.
Berrikuntzak abiaorrian bertan ikus daitekezke
Bilaketarako eremuak ez ezik, euskal itzulpengintzaren hemeroteka bat ere eskaintzen dugu orain, hala nola itzultzaile baten aipamena.
Itzultzaile bat
Itzulpen bat
Bilaketen emaitzak aurkezteko modua ere aldatu dugu
Orain bereizita erakusten ditugu liburuak, bestelako testuak eta audioak. Eta liburuen barruan banatuta azaltzen dira literatura, haur eta gazteentzako literatura eta ez-literatura.
Horra berrikuntzetako batzuk. Gehiago jakiteko, sartu datu-basera eta ibili batetik bestera, etxean bezala, zurea ere bai baita Nor da Nor.
Eta zerbait galdetu, iradoki, jakinarazi... nahi baduzu, klikatu webgunearen goialdean dagoen kontaktuan. Gustura hartuko ditugu zure hitzak.