Matias Mujikak irabazi du Literatura Itzulpenaren Euskadi Saria
Homeroren 'Odisea' lanaren euskararako itzulpenagatik eman diote saria.
Matias Mujika Franco de Medinacelik jaso du Euskararako Literatura Itzulpenaren Saria, Balea Zuria argitaletxeak argitaratutako Odisea lanagatik.
Epaimahaiak «literatura unibertsaleko monumenturik handienetako baten itzulpen monumentala» dela adierazi du. Itzultzailearen trebetasun traduktologikoa ez ezik, testu erraldoi bati euskarazko forma literario zaindua emateko erakutsitako sormen-gaitasuna ere nabarmendu du.
Era berean, epaimahaiak azpimarratu du itzulpenak euskal klasikoen eta bertsogintza tradizionalaren ezagutza sakona erakusten duela, eta greziar literatura klasikoko obra nagusietako bat irakurleari modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea lortzen duela. Halaber, hitzaurrean itzulpen-prozesuari buruz egindako hausnarketa balioan jarri du.
Matias Mujika Franco de Medinaceli (Iruñea, 1961) itzultzailea eta editorea da. Filologia Klasikoko ikasketak egin ondoren, Itzulpen Masterra egin zuen. Frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik hainbat egileren lanak itzuli ditu euskarara; besteak beste, Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Céline-renak. 2017an Euskadi Literatura Saria jaso zuen modalitate berean, François Villonen Testamentua lanaren itzulpenagatik.
(Iturria: euskadi.eus)


