Manu Lopez Gaseni, EIZIEren lehendakari berria

2022 Martxoa 29
Manu Lopez Gaseni, EIZIEren lehendakari berria

Martxoaren 26an egin zen EIZIEren urteko Batzar Nagusia, Gasteizen. Aurrez aurre elkartu ziren oraingo honetan hainbat EIZIEkide, Salburuako gizarte-etxean.


Itziar Díez de Ultzurrun lehendakariak gidatu zuen saioa. Lehenik, bertaraturikoei ongietorria egin, eta bileraren gaiak aurkeztu zituen. Ondoren, Zuzendaritza Batzordea berritzea izan zuen hizpide. Hala, hiru urtez lehendakari kargua bete ondoren, Manu Lopez Gaseniri eman zion Itziarrek lekukoa, batzarkideek proposamena aho batez onartuta.

Aurpegi ezaguna dugu Manu elkartean, duela urte batzuk Zuzendaritza Batzordean parte hartutakoa eta bestela ere elkartearekin hainbatetan besoz beso aritutakoa. EHUn irakasle eta ikertzaile aritu da azken urteotan, eta, itzultzaile-jardunari dagokionez, haur- eta gazte-literaturaren itzulpenean nabarmendu da batik bat.

Beste bi taldekide berriak ere aurkeztu zituen lehendakariak: Jon Alonso Abajo eta Aitor Blanco Leoz. Administrazioko itzultzaileak dira biak ere, Barakaldoko Udalekoa bata eta Nafarroako Unibertsitate Publikokoa bestea, eta gogotsu batu dira taldera.

Bestalde, taldea utziko du Garazi Ugaldek, eta azken urteotan egindako lan mardula oroitu eta eskertu zuen lehendakariak.

Aurpegi ezagunak eta haize berriak datoz elkartera, denak ere lanean aritzeko prest. Lehendakari berriak batzarrean adierazi zuen «etxean bezala» sentitu dela beti elkartean, eta eskerrak eman zituen. Ongi etorri, beraz, etxera!

Zuzendaritza Batzordea honela osatu da:

Ondoren, batzarraren ohiko egiturari jarraituz, iazko egitasmoen laburpena eta aurtengo asmoak azaldu zituzten zuzendaritzako kideek, diru-kontuekin batera.

Amaitzeko, solasean jardun zuten bertaraturikoek, entzundakoen inguruan. Zenbait ekarpen eta proposamen jaso zituen zuzendaritzak, urtean zehar aztertzeko.