Maialen Berasategik eta Joxemari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

2023 Urria 16
Maialen Berasategik eta Joxemari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren 'Paradisua' liburuaren itzulpen-lana saritu du epaimahaiak. Zorionak, Maialen eta Joxemari!


«Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe euskal irakurleari hurbiltzeko» egindako ahaleginagatik erabaki du epaimahaiak Itzulpengintzako Euskadi saria Maialen Berasategi Catalani (Gasteiz, 1989) eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzari ematea (Zegama, Gipuzkoa, 1955). 2021ean Nobel saria irabazi zuen Abdulrazak Gurnah (Zanzibar, Tanzania, 1948) idazlearen Paradisua nobela itzuli zuten, lau eskutara. Epaimahaiaren iritziz, itzulpena «zorrotz» atxikitzen zaio esanahiari, baina «euskara aberats, zehatz eta naturalean ematen dira jatorrizkoaren ñabardura guztiak» lanean. «Benetan irakurketa gozoko testua lortu dute, itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta». Jokin Zaitegi sariketari esker itzuli zuten eleberria, eta Elkarrek argitaratu zuen iaz.

Xabier Olarrak, Jose Manuel Lopez Gasenik, Koldo Bigurik, Arantxa Etxebarriak eta Idoia Gilleneak osatu dute epaimahaia.