Literaturia jaialdiak irailaren 25ean zabalduko ditu ateak
Euskal letren plazan parte hartzeko deialdia egin dute antolatzaileek, «atea: hitza da giltza» gaia oinarri harturik eta itzulpengintzari ere lekua eginik.
Irailaren 25ean irekiko da euskal letren plazako atea. Aurtengo Literaturia jaialdiak ezberdina beharko du, halabeharrez, COVID-19aren pandemia dela-eta, baina egin diote urteroko txokoa aurten ere euskal literaturari.
Literaturian parte hartzeko aukerak ugaritu nahi dituzte aurten antolatzaileek, inor gera ez dadin ekarpenen bat egiteko gogoz. Horregatik, deialdia egin dute literatur testu baten atal bat ahots gora irakurri eta grabatzeko.
«Atea: hitza da giltza» leloak iradokitzen digunarekin lotura izan beharko du testuak (0-150 hitz), eta audio horiek Literaturiako liburu azoka eta Modelo Aretoa girotzeko erabiliko dira, euskal literatura etengabe entzun dadin euskal letren asteburuan!
Itzulpengintzak ere izan behar du bere lekua euskal literaturan, eta ez edonolakoa! Hortaz, itzulpenetan arituei, adituei, zaletuei eta aritzeko gogoa duen edonori dei egin zaio atzerriko hizkuntzaren bateko literatur testu baten atal bat itzul dezan (0-150 hitz), itzulpena ahots gora irakurri eta graba dezan, besteekin batera 2020ko Literaturia girotzen laguntzeko.
Ikus hemen deialdia.