Liburuaren Nazioarteko Eguna: 'Garaiz hago oraindik'
Ohi baino bi hilabete beranduago, gaur ospatuko da Liburuaren Eguna. Guk Clarice Lispectorrekin batera ospatu nahi izan dugu, Iñigo Roque itzultzailearen testu batekin: «Garaiz hago oraindik, Clarice».
«Aurtengo liburuaren egunerako testutxo bat eskatu zidaten EIZIEko adiskideek. Munduaren akabua gertatu baino aste batzuk lehenago eskatu ere. Orduan, Gipuzkoa plazan azken urteotan EIZIEk Donostia Kulturarekin batera antolatu izan duen ekitaldirako irakurgai bat bidali nuen, irakurraldiari nolabait ere bide emateko. Gaur egun, ordea, beste urgentzia bat hartu dute kulturaren beharrak eta herrien arteko elkartasun-zubiek. Barbaroak ateetan ditugula esatea ez da dagoeneko Alexandriako ero baten burutazioa. Ez dakit Troiako zaldia ez ote den dagoeneko botaka ari herriko plazan. Irakurri, otoi: kultura ala basakeria».