Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna
Gaur, azaroak 20, Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna da. Zorionak interprete guztioi!
Interpreteen eguna ospatzeko, ofizioaren inguruan diharduten artikulu batzuk bildu ditugu hemen. 31 eskutik blogekoak dira gehientsuenak, interpreteak baitira eskuetako bi: Maitane Uriarte eta Claudia Torralba.
Bestalde, EIZIEk iaz argitaraturiko «Euskal interpreteen diagnostikoa» ere ekarri nahi izan dugu hona, hor jasoak ditugu-eta euskara lan-hizkuntza duten interpreteen profila eta bestelako batzuk (haien beharrak, lan-baldintzak…). Interpretearen figura eta jarduna hobeto ezagutzeko aproposa.
Nurenbergeko epaiketen hasieran sortu zen aldibereko interpretazioa modu profesionalean, 1945eko azaroaren 20an. Ingelesez, frantsesez, errusieraz eta alemanez elkar ulertu ahal izateko, interprete-talde batek denbora errealean itzuli zituen epaiketetako adierazpenak.
(Irudia: Wikimedia Commons)


