Jaeggy eta Benedetti Literatura Unibertsala bilduman. Liburuen aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako bi libururen aurkezpena: Jaeggyren 'Proleterka' eta Benedettiren 'Udaberri kantoi-hautsia'
Literatura Unibertsala bildumako 174. eta 175. zenbakiak aurkeztuko dira urriaren 17an, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan:
- Fleur Jaeggy, Proleterka. Itzultzaileak: Miren Iriarte eta Fernando Rey.
- Mario Benedetti, Udaberri kantoi-hautsia. Itzultzailea: Aiora Jaka.
Parte-hartzaileak: Miren Iriarte eta Fernando Rey (itzultzaileak), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza), Inazio Mujika (Erein eta Igela argitaletxeak) eta Idoia Gillenea (EIZIE).
Proleterka
Nobela labur eta bitxi honetan, kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean, berrogeita hamar urte beteta hain zuzen.
Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Hala ere, zalapartarik gabe aipatzen dira, espanturik gabe.
Udaberri kantoi-hautsia
Uruguai, 1973ko estatu-kolpearen ondorengo diktadura militarra. Santiago kartzelan dago, eta haren familia, berriz, Mexikon erbesteratuta. Nork bere ikuspuntutik, eta nork bere tonu eta estilo berezia erabiliz, bost pertsonaia nagusiek beren esperientzien berri ematen dute, beren kezkak, beldurrak eta desirak azalduz elkarri.