'Itzultzaile Berriak' programarako itzultzaileak hautatzeko deialdia
Nazioarteko itzultzaileak euskaraz jarduteko trebatzea eta nazioarteko eta bertako itzultzaileen artean zubiak eraikitzea du helburu ‘Itzultzaile Berriak’ programak. Ekimen hori 2016. urtean jarri zen abian, kulturaren Europako hiriburutzaren baitan, eta Etxepare Euskal Institutuak jarraipena emango dio aurten, EIZIErekin elkarlanean.
Edizio honetan, parte-hartzaileak frankofonoak izango dira, baina lehentasuna izango dute Quebeceko itzultzaileek. Etxepare Euskal Institutuaren deialdi baten bidez hautatutako bi itzultzailek euskararen ezagutzan eta euskarazko literatura itzulpenean sakondu ahal izango dute, horretarako sortutako mentoretza baten bidez. Gainera, hautaturikoetatik batek hilabeteko egonaldia egingo du Euskal Herrian, uztailean. Proiektuaren amaieran, parte-hartzaile bakoitzak frantsesera itzulitako bi testu literario (30.000 karaktere ingurukoak) emango ditu, eta euskal literatura sustatzeko erabiliko dira.
Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 5ean amaituko da.
Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak kudeatzen duten #QCPays Basque 2020-2021 egitasmoaren baitan antolatu da ekimena.
Informazio gehiago:
- Itzultzaile Berriak programarako itzultzaileak hautatzeko deialdia