'Itzultzaile Berriak', 10 urte: Europako lau literatur itzultzaile Euskal Herrira itzuliko dira hamar urteren buruan
Bulgariatik, Esloveniatik, Lituaniatik eta Poloniatik etorrita, Zornotzako barnetegian izan ziren itzultzaileok euskara ikasten 2016an, eta gure artean izango ditugu berriro itzulpengintzan egin duten ibilbidearen berri emateko.
Itzultzaile Berriak egitasmoaren sorreraren hamargarren urteurrena aitzakia hartuta, lehenengo edizio hartako egonaldi luzean parte hartu zuten lau itzultzaileak Euskal Herrira itzuliko dira, eta hiru eguneko egonaldia egingo dute Donostian. Honako hauek dira itzultzaileak: Laura Liubinavičiῡte lituaniarra, Maria Pachkova bulgariarra eta Barbara Pregelj esloveniarra eta Katarzyna Sosnowska poloniarra.
Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk lankidetzan antolaturiko egonaldiaren helburua izango da orduz geroztik euskal literaturaren itzulpenean egin duten ibilbidearen berri izatea, esperientziak partekatzea, bai eta itzulpen-mintegi berri bat egitea ere. Oraingo honetan, Juan Kruz Igerabide idazlearen testuekin ariko dira lanean. Itzultzaile bakoitzak aurrelanketa bat egingo du mintegiaren aurretik, eta elkarrekin bildutakoan zalantzak, galderak eta irtenbide posibleak izango dituzte eztabaidagai, idazlearen laguntzaz.

Solasaldia Literaktum jaialdian
Itzultzaileek 2016tik hona euskal literaturaren itzulpenean egin duten ibilbidearen berri emango digute, eta Igerabidek bere lanak atzerrian izan duen oihartzunaz jardungo du azaroaren 9an, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean. Elizabete Manterolak gidatuko du saioa.
Solasaldia EHUn
EHUko Micaela Portilla Ikergunean ere izango dira lau itzultzaileak, azaroaren 10ean, 11:00etan (0.2 gelan).
Eskarmentu handia dute itzultzaileok literatur itzulpengintzan, eta guretzat hain ezagunak ez diren errealitateak hurbilagotik ezagutzeko parada izango dugu. Halaber, beren herrialdeetako literatur itzulpenaz jardungo dute, eta Euskal Herritik nork bere herrialdeetara eraman dituzten lenen berri ere azalduko dute.
Itzultzaileak berriro elkartzeko topagune izango da egonaldia, eta Euskal Herriko beste eragile batzuekin egoteko aukera ere izango dute.
Euskal literatura atzerrian ezagutarazteko asmoz, DSS2016EU Fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile Berriak izeneko egitasmoa jarri zuten martxan 2015ean. Itzulpenaren bitartez euskal kultura atzerrian sustatzea eta euskaratiko itzultzaile berriak trebatzea ziren programaren xede nagusiak, baita itzulpengintzak euskal kulturaren garapenean duen egitekoa azaleratzea ere.
Egitasmoaren baitan, Europako zortzi itzultzaile izan ziren Euskal Herrian 2016. urtean, eta EIZIEk hainbat ekimen antolatu zituen haiekin. Hurrengo hiru urteetan, joan-etorriko bidea eginez, haietariko hiruren herrialdeetara joan ziren EIZIEko ordezkariak (Esloveniara, Bulgariara eta Poloniara).
2016ko edizioan parte hartu zuten itzultzaileak bi multzotan banatu ziren: sei hilabeteko egonaldia egin zuten haietariko lauk, euskara hutsetik ikasi eta Euskal Herriko kultura eta literatura bertatik bertara ezagutzeko; euskarazko oinarrizko maila zuten beste lau itzultzailek hilabeteko egonaldia egin zuten, euskararekin harremana berreskuratu eta euskaratik nork bere hizkuntzara zuzenean itzultzeko trebatzea helburu hartuta. Itzultzaile guztiek hartu zuten parte EIZIEren eskutik gauzatutako literatur itzulpeneko mintegi batean. Hain zuzen ere, Arantxa Urretabizkaiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuak itzuli zituzten. Egonaldiaren ostean, parte hartzaileek jarraitu dute euskal literatura nork bere hizkuntzara itzultzen.


