Itzulpen labur-laburrak aurten Literaturian
Azken urteetako ohiturari jarraikiz, aurten ere itzulpen-tailer bat egingo dugu Literaturian.
Poesia azpititulatzen ibili ostean, mikroipuinen bidea urratu genuen iaz, eta oraingoan edozein motatako literatur testu laburrak landuko ditugu, baina testuen jatorriari arreta berezia eskainiko diogu.
2018ko Literaturian irakurketa eleaniztuna egin genuen lehen aldiz, eta testuak euskaraz nahiz jatorrizko hizkuntzan entzun genituen, Senegal, Alemania eta Kataluniako zarauztarren laguntzaz, besteak beste. Formatuak emaitza polita izan zuenez, aurten saiakera egin nahi genuke sorburu-hizkuntzen aniztasun horri eusteko, hainbat kultura eta hizkuntzatako testuak euskaratu eta emaitza aberatsa izan dadin.
Tailerra irekia izango da, eta ez da beharrezkoa literatur itzulpenean aritu izana; beraz, animatu parte hartzen! Eta nahiz eta animatu ez, eskertuko dugu itzulgaiak proposatzea guri email bidez bidalita.
Esan bezala, tailerra irekia eta doakoa da, baina izena eman behar da, apirilaren 22a baino lehen. Horretarako, nahikoa duzue tailerraren arduradunetako bati idaztea: Garazi Ugalde (garaziugalde@gmail.com), Ibai Sarasua (isarasuagarcia@gmail.com) edo Ane Garcia (anegarcia19@gmail.com). Itzulgaiak, berriz, zuzenean fitxategi honetako zerrendan gehitu ditzakezue, jatorrizko hizkuntza eta testuaren jatorria adierazita (proposamen batzuk eta itzulgaiak bilatzeko zenbait lotura ere topatuko dituzue, fitxa banatan).
Iazko esperientzia ederra errepikatu eta hobetuko dugulakoan gaude; beraz, esandakoa: hurbildu!
Hemen duzue azalpen zabalago bat, egitarau zehatzarekin batera:
Maiatzak 11, larunbata, Zarautzen
10:00–12:00: Itzulpen tailerra
Gorago aipatu bezala, testu laburrak izango ditugu itzulgai aurten. Edozein gairi buruzkoak izan daitezke, baita edozein literatur generokoak ere; orrialde bateko luzera izango dute gehienez (lan osoak izan daitezke, edo hautaketa bat). Garrantzia, esan bezala, testuaren jatorriari eman nahiko genioke, europarrak edo Mendebaldekoak ez diren idazleak ezagutzeko aukera izan dezagun. Itzulpenerako zubi-hizkuntzak erabili daitezke, noski.
Aurrez egin beharko da itzulpen lana, eta tailerrean, testuen nondik norakoak izango ditugu hizpide: itzulpen-arazoak, zalantzak... Testuei azken ukituak emateko parada ere izango dugu.
12:00–13:00 Irakurraldia prestatzeko tartea
Irakurleekin eta musikariekin bilduko gara emanaldia prestatzeko.
13:00: «Mundutik euskarara labur-labur» irakurraldi eleaniztuna, Modelo aretoan.