«Itzuliz usu mundua» du ardatz aurtengo Gutun Zuriak
Anjel Lertxundiren 'Itzuliz usu begiak' saiakera oinarri hartuta, etengabe itzultzen eta lekualdatzen ari den mundu bat izango du ardatz aurtengoak, itzulpena fenomeno literario gisa ez ezik, munduan egoteko eta hura aldatzeko modu gisa begiraturik.
Jaialdiak hogeita hamar proposamen baino gehiago programatu ditu (2022ko martxoaren 28tik apirilaren 2ra), eta hitzaren inguruko eztabaidak eta hausnarketak landuko ditu, filosofia, historia eta beste esparru batzuetatik hainbat gai jorratzeko, hala nola kulturen eta sentsibilitateen arteko loturak, ama-hizkuntzen zeregina, itzulpenaren eta idazketaren arteko harremana, literatura-generoen mugak, Atlantikoaren ertzen arteko zubiak eta itzultzaileen zeregina.
Hiruzpalau solasaldi ekarri nahi izan ditugu hona, proposamen interesgarri ugarien artetik:
Martxoaren 30ean, Mamuak liburuan: itzulpena pentsatzen arituko dira Marian Ochoa de Eribe, Javier Calvo eta Koro Navarro, Beñat Sarasolarekin. Ondoren, Bidaia zirkularra: ama-hizkuntzara itzultzea izango dute hizpide Theodor Kallifatidesek, Jhumpa Lahirik eta Bashkim Shehuk, Iñaki Estebanekin batera.
Biharamunean, Miren Agur Meabe eta Eduardo Moga arituko dira solasean, Idazkuntza eta itzulpenari buruz: iruzurrak, puntadak, tolesak.
Azken egunean, apirilaren 2an, Itzultzaile Berriak egitasmoaz jardungo dute parte-hartzaileetako batzuk: Aiora Jaka, Yannick Bédard, Uxue Alberdi eta Garazi Arrula.
Arratsaldean, autoitzulpena izango dute hizpide Unai Elorriagak, Xuan Bellok eta Yolanda Castañok, Garazi Arrularekin: Autoitzulpena: bi eskuz idaztea.
Informazio guztia, hemen.