Itziar Diez de Ultzurrun, EIZIEren lehendakari
Itzulpengintza eremu berrietara eramateko premia agertu dute bazkideek Iruñeko bileran.
Joan den larunbatean egin zen EIZIEren urteko Batzar Nagusia, Iruñean. Hogeita bost EIZIEkide elkartu ginen Euskaltzaindiaren Nafarroako egoitzan, egindakoari atzera begiratu eta aurtengo asmoen berri emateko. Iazko jarduerak eta diru-kontuak ontzat eman ondoren, 2019rako proiektuak aurkeztu ziren.
2019rako ere bada zer: udaberriarekin batera plazaratu dugu webgune berritua, profesionalentzako ikastaro eskaintza zabala dugu prest datozen hilabeteetarako, Literatura Unibertsaleko eta Urrezko Bibliotekako titulu berriak iritsiko zaizkigu esku artera, Senez aldizkaria 50. zenbakira iritsiko da udazkenean…
Elkartearen proiektuez eta erronkez gain, bertaratuek bestelako gai batzuk ere hartu zituzten hizpide: elkartearen jarduna eta ofizioa bera ikusarazten jarraitzearen premia nabarmendu zuten, eta itzulpenaren errealitatea belaunaldi berriei erakusteko bideak aztertu zituzten, bereziki. Bestalde, EIZIEk Nafarroari leku handiagoa egitearen nahia eta beharra nabarmendu ziren bileran.
Zuzendaritza Taldea berritzeko egokiera ere izaten da urteroko Batzar Nagusia, eta, hala, Idoia Gilleneak Itziar Diez de Ultzurruni eman zion lehendakariaren lekukoa, Uxoa Iñurrietak diruzain kargua hartu zuen, eta Teresa Pradera bildu zitzaigun taldera.
Honela osatuta geratu da Zuzendaritza Taldea:
- Itziar Diez de Ultzurrun, lehendakari
- Amaia Apalauza, lehendakariorde
- Garazi Ugalde, idazkari nagusi
- Uxoa Iñurrieta, diruzain
- Leire Otxotorena, kide
- Mikel Babiano, kide
- Teresa Pradera, kide
Ondoren, Geltokin egin genuen otordua, herritarrei ekonomia solidarioa eta alternatiboa gerturatzeko asmoz autobus geltoki zaharrean irekia duten espazioan.