Isabel Etxeberria izendatu dute EIZIEren lehendakari

2026 Martxoa 16
Isabel Etxeberria izendatu dute EIZIEren lehendakari

Martxoaren 14an izan zuen EIZIEk Batzar Nagusia –iaztik, EIZIEren eguna ere badena–, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, eta Isabel Etxeberria Ramirez gipuzkoar itzultzaile eta irakaslea izendatu zuten lehendakari. Horrenbestez, Fernando Reyren lekua hartu du Etxeberriak.


Isabel Etxeberria Ramirez Itzulpengintzako eta Interpretazioko Graduko irakaslea da, EHUko Letren Fakultatean, baina literaturaren itzulpengintzarekin ere lotura estua du itzultzaile donostiarrak. Gaur egun, Munduko Poesia Kaierak bildumaren zuzendaria da, Maialen Berasategirekin batera, eta, 2019an, Itzulpengintzaren Euskadi saria irabazi zuen, Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak eta senar-emazteak liburuagatik.

Beste bi itzultzaile ere batu zaizkigu Zuzendaritza Taldera: Maitane Uriarte Atxikallende eta Leire Martinez de Marigorta Varela. Claudia Torralbak, berriz, taldea utzi du, bost urtez elkartearentzat lanean jardun ondoren.

Bazkide hauek osatzen dute, joan den larunbata geroztik, Zuzendaritza Taldea: Isabel Etxeberriak, Amaia Apalauzak, Ibai Sarasuak, Aitor Blancok, Ainhoa Mendiluzek, Ane Garmendiak, Maitane Uriartek eta Leire Martinez de Marigortak.

Kargu berriak onartuta, eta iazko jarduerei errepaso labur bat egin ondoren, aurtengo egitasmoak aurkeztu zituzten, zenbait proiektu eta gai nabarmendurik (profesionalen baldintzak, Adimen Artifiziala…). Ondoren, diru-kontuen berri ere eman zuten. Amaitzeko, EIZIEko bazkideek hartu zuten hitza, iradokizunak, kezkak eta zalantzak konpartitzeko.

EIZIEren Egunaren baitan, Batzar Nagusi batek ohikoak dituen zereginak amaitu, eta itzultzaile bati aintzatespena egiteko abagunea iritsi zen. Manu López Gaseniri eskerrak eman zizkioten, elkartean eta elkarterako egiten duen lan itzelagatik. Izan ere, 1991n bazkidetu zenez geroztik, etengabe lan egin du elkartearen alde, bai lehendakari izan zen bitartean (2022-2024), bai aurretik eta ondoren ere. Ezaguna da haren itzultzaile eta irakasle jarduna, batez ere Haur eta Gazte Literaturaren arloan, eta, besteak beste, Lewis Carroll idazlearen Aliziaren abenturak euskarara ekartzeagatik. Eta aintzatespen hori oroigarri batekin jantzi nahian, Ane Garmendia itzultzaile eta akuarelagileak eginiko lamina dotore bat oparitu zioten.

Talde-argazkia egin ondoren, IAK-ko antzokira hurbildu ziren EIZIEkideak, «Ahotsak eta harriak tankeen aurka: poeta palestinarren erresistentzia» errezitaldia entzutera, Eider Beobide, Olatz Esteban, Oihane Gurrutxaga, Miren Irizar eta Ainhoa Salaberria itzultzileen eskutik.

Eta EIZIEren eguna ospatzen jarraitzeko, bazkaritan elkartu ziren denak, mahaiaren bueltan kontu-kontari.