Isabel Etxeberria bazkideak «Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak» tesia aurkeztu du

2024 Ekaina 13
Isabel Etxeberria bazkideak «Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak» tesia aurkeztu du

Pasa den ostegunean, ekainak 6, Isabel Etxeberria Ramírez bazkideak bere doktorego-tesia defendatu zuen Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean.


Tesiak «Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak» du izena, eta Gidor Bilbao Telletxeak zuzendu du. Epaimahaia Karlos Cid Abasolok, Naroa Zubillaga Gómezek eta Irantzu Epelde Zendoiak osatu zuten.

Tesian, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 1.134 liburuko corpus bat aztertu du Isabel Etxeberriak, euskarara itzulitako literatur testuek eta euskaraz idatzitakoek osatua. Corpus horren bitartez, testu itzulietako eta ez-itzulietako hizkera konparatu nahi izan ditu. Lexikoaz arduratu da zehazki, eta honako alderdi hauetan jarri du arreta: aberastasun lexikala, ñabardurarako joera, lexiko berritzailea vs errotua lehenesteko joera, eta aldaera dialektalen eta erregistro mailakoen erabilera.