2025eko irailaren 1ean argitaratuko da EHAAn Itzultzaile eta interpreteak gaitzeko ebazpena

2025 Abuztua 1
2025eko irailaren 1ean argitaratuko da EHAAn Itzultzaile eta interpreteak gaitzeko ebazpena

Zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako gaikuntza proba bidez lortzeko deialdia argitaratuko da. Eskabideak aurkezteko epea: irailaren 8tik 26ra bitartean.


Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Zinpeko itzultzaile eta interpreteen gaikuntzari buruzko Dekretua onartu zuen 2009ko apirilaren 21ean. Dekretu horren xedea honako hau da: zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritzeko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntza batzuetara bai beste hizkuntza batzuetatik euskarara itzulpen- eta interpretazio-lanetan jarduteko.

Dekretuaren 4. artikuluan adierazitakoaren arabera, une bakoitzean hizkuntza-politikan eskuduna den organoak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) elkarlanean egin behar dute probetarako deialdia.

Hori horrela, irailaren 1ean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako gaikuntza lortzeko probetarako deia egiteko ebazpena, honako hizkuntza-pare hauetarako:

  • Euskara-gaztelania / gaztelania-euskara
  • Euskara-ingelesa / ingelesa-euskara
  • Euskara-frantsesa / frantsesa-euskara

Eskabideak aurkezteko epea: irailaren 8tik 26ra bitartean.

Probak

Zinpeko itzultzaile-lanetarako gaikuntza lortzeko, honako proba hauek gainditu behar dira:

1.- Zuzenbidea: erantzun anitzeko zenbait galderaz osatutako test moduko azterketa, Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Estatuko lege jakin batzuei buruzkoa.

2.- Euskara: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 mailari dagokiona.

3.- Itzulpena:

  1. Beste hizkuntzetatik euskarara: ordu eta erdiz bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.
  2. Euskaratik beste hizkuntzetara: ordu eta erdiz bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.

Zinpeko interprete-lanetarako gaikuntzaren kasuan, berriz, aurreko hiru probak gainditzeaz gain, interpretazioarena ere gainditu beharko da.

4.- Interpretazioa: gehienez ere hamabost minutuko mintzaldi bi interpretatzea, beste hizkuntzetatik euskarara eta euskaratik beste hizkuntzetara. Aldibereko proba hau interpretazio-kabinan egingo da eta grabatu egingo da.